Josu Goienetxe

«Egin zidatenak gogorragoa izaten erakutsi dit»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 18a, 11:00

Josu GOIENETXE ETXEBERE, torturak salatu dituen amaiurtarra.

«Soldaduskako baimenarekin etxera etorria» zela atxilotu zuten Josu Goienetxe Etxebere. Bai hasieran bai gerora ere «egurra» eman omen zioten, «kolpeak etengabeak» izan zirela dio. Gogorrena, ordea, psikologikoa izan omen zen: «ama eskoba kirtenarekin bortxatu zutela edo hil zela erraten zidaten». Gehiago ere bai: «buruan pistola paratu eta batek katua sakatuz klak egiten zuen bitartean bigarrenak tiroa botatzen zuen. Bertan gelditu nahi izan nuen».

Logroñon, Errioxan, egiten ari zen soldaduskarako baimenarekin sorterrira etorria zela atxilotu zuten Josu Goienetxe Etxebere (Amaiur, 1961). Etxean zen, «txerriak bazkatzera» joan eta etorri berria, etxeko txirrina jo eta barnera sartu zitzaiozkionean. «Etxe guztia begiratu zuten, eta hartu ninduten», dio. Belateraino «kolpeka» eraman zutela kontatu digu, eta Belaten geldituta, «egurra» eman ziotela gaineratu du. Iruñean «Gobernu Zibilaren bulegoan eta Tuterako Polizia Nazionalaren egoitzan» geldialdiak egin ondotik, Madrilera gauez ailegatu omen zen: «autotik jaitsi orduko mangerarekin ura bota zidaten, baina nola bota gainera, suhiltzaileen mangerarekin, lurrera erortzen nintzen…».

«Madrilen lehendabiziko agurra Madrilgo orduko telefono-gidarekin buruan emandako kolpeak izan ziren»

Madrilen, «lehendabiziko agurra Madrilgo orduko telefono-gidarekin buruan emandako kolpeak» izan omen ziren: «ja galdetu gabe, joka eta joka aritu ziren, ez dakit zenbat denboraz, kristoren buruko mina egin arte». Lege Antiterroristakoekin «hamar egun pasatu» zituela kontatu digu, eta tarte horretan, «kalabozotik egunean behin edo bi aldiz goiti eramaten ninduten eta han kolpeak eta kolpeak ematen zizkidaten. Aldi batean aska bezalako bainera zikin batean ere burua sartu zidaten. Horrez gain, jo, iletik tiratu, kolpeak eman… denetarik egin zidaten».

Psikologikoa gogorrena
Fisikotik haratago, psikologikoki jasandakoa ere ez du atzendua, eta hori izan omen zen «gogorrena» beretako, «familia tartean sartzea»: «ama eskoba kirtenarekin bortxatu zutela edo Amaiurko kuartelaren ondoan bonba paratu zutela eta nire ama hil zela erraten zidaten, azkenean sinesteraino». Polizia baten jarrerak ere arreta piztu zion: «jotzen, torturatzen, ari zela semeak deitzen zion eta normal-normal solastatzen zen berarekin, ‘zer moduz eskolan?’ galdetzen zion. Telefonoa eskegi eta berriro kolpea hemen eta kolpea han hasten zen».

«Guttienez bi aldiz pistola buruan paratu zidaten eta batek katua sakatuz klak egiten zuen bitartean bigarren batek tiroa bota zuen».

Madrildik Donostiara ekarri omen zuten, eta bidean gertatutakoak ere markatu zuen: «lagun bat eta biok bakoitza kotxe banatan ekarri gintuzten. Bidean, Madrildik atera eta 40 bat kilometrotara, harrobi batean gelditu ginen. Lehenbizi laguna eraman zuten eta bitartean ni pista batean gelditu nintzen bertzeekin. Denbora guztian joka ibili ziren, barrabiletan, iletik tiraka… Ordu baten edo ordu erdiren buruan, tiro batzuk aditu nituen eta ‘hau akabo da, hurrengoa ni’ pentsatu nuen». Ez zen holakorik gertatu, ordea. «Laguna berriz kotxera ekarri zuten». Bere txanda izan zen gero: «txabola batera eraman ninduten. Han belauniko jarri eta begian tapatuak nituela, ‘non emanen diogu lehendabiziko tiroa?’ galdeka hasi ziren. Momentu batean, pistola buruan paratu zidaten eta batek katua sakatuz klak egiten zuen bitartean bigarren batek tiroa botatzen zuen». «Guttienez bi aldiz» egin ziotela adierazi digu eta onartu digunez, «bertan gelditu nahi izan nuen. Uste dut hura izan zela momenturik politena, dena orduantxe akituko zela pentsatu nuelako».

Donostiara ailegatutakoan, «denbora guztian totoriko edo jota dantzan eduki ninduten. Zerbait erran behar banuen gelditu behar nuen, eta ezinarekin ezinez gelditzen banintzen joka hasten ziren. Errandakoa ukatzen banuen, kolpeak berriz ere». Baina ez zen hor akitu Goienetxeren sufrimendua. Berriz Madrilera eraman zuten, eta han «kolpeka eta tortura psikologikoarekin segitu zuten».

2006ra arte segika
Egun haietan bizitakoa xehetasun haundiz oroitzen du amaiurtarrak. 90eko hamarkadan gertatu zitzaion guztia baina aipatu digunez, «2006ra arte segitu zidaten» eta «psikologo eta psikiatra batekin ere ibili nintzen». Berak ez ezik, bere alabak ere ez omen du atzendua: «alabak, 12 urte zituela, eta etxean bakarrik zela, nire kotxeko giltzak eskatuz eta nire lankideak zirela erranez, etxean indarrez sartu nahi izan zuten. Aunitz ikaratu zen». Gertatu zitzaionak, hala ere, «gogorragoa izaten» erakutsi diola onartu digu: «historia, arropa edo bandera horri buruz gogorragoa izaten».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun