Txus Unsion

«Urte aunitz pasatu dira baina oroitzapenek bizi-bizi segitzen dute»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 17a, 11:00

Iosu USION PABOLLETA, torturak salatu dituen beratarra

«Infernua» bailitzan oroitzen ditu Iosu Unsionek 1994an Guardia Zibilak atxilotuta pasatutako egunak. «Hagitz gogorra» izan zela dio, eta aitortu digunez, «urte aunitz igaro dira torturak jasan nituenetik, baina oroitzapenek bizi-bizi segitzen dute».

Etxean zela atxilotu zuten Iosu Unsion Pabolleta (Bera, 1955): «bakarrik nintzen eta atea jo zuten. Ireki eta guardia zibilak ziren». Etxean miaketak egin eta Donostiara eraman zutela gogoan du: «han galdeketa azkar bat egin ondotik, Madrilera eraman ninduten, Tres Cantosera». Aitortu digunez, «kartzelan nengoela, bertze preso batek erran zidan ospetsua nintzela, irratian aditu zuela ni nintzela mugetako arduraduna. Gerora jakin nuen ETA erakudearekin kolaboratzea leporatzen zidatela».

«Gurutze Iantzi eta Mikel Zabalza bezala bukatuko nuela erranez mehatxatu ninduten».

Tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituela dio Unsionek, eta horren gibelean, «bi polizia talde bereizi nituen, bat Donostiakoa eta bertzea Madrilekoa; txandatu egiten ziren ni jipoitzeko». Etxean hasi zen beretzat sufrimendua. «Etxean, miatu bitartean, pistola buruan paratu zidaten. Kotxean sartuta, irainak, mehatxuak eta kolpeak ohikoak izan ziren. Gero, mehatxuak, ariketa fisikoak eta poltsa etengabe, buruan liburu batekin edo halako zerbaitekin kolpeak, elektrokodak...». Bere hitzetan, «ehunka kolpe» jaso zituen eta «ariketa fisikoak egiterakoan kontatuarazi egiten zidaten eta lurrera erotzean berriz hasieratik hasi behar izaten nuen… Gurutze Iantzi eta Mikel Zabalza bezala bukatuko nuela erranez mehatxatu ninduten». Hiru egun eta erdi pasatu omen zituen inkomunikatuta eta horiek «infernua» bailitzan oroitzen ditu beratarrak, «baita bizipen honek utzitako ondorioak ere».

«Gertatutakoa kontatzen dudan bakoitzean berriz ere infernu hura bizitzen dut».

Gertaera hark bizitza «guztiz» aldatu diola sinetsita dago Unsion eta ez zaio erraza egiten gaiari buruz solas egitea: «ingurukoekin solas egin izan dut eta Nafarroako tortura eta tratu txarren inguruko ikerketan ere parte hartu dut. Baina gertatutakoa kontatzen dudan bakoitzean berriz ere infernu hura bizitzen dut». Berak dioen bezala, oroitzapenek «bizi-bizi» segitzen duten seinale.  

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun