COVID-19: Elkarrizketak

«Gure helburua udarako pertsonak tratatzen hastea da»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 21a, 07:30

Nerea Zabaleta, Leitzako ikerlaria, txerto eraginkorra sortzeko lanean ari da lanean Bostonen, AEBn.

Nerea ZABALETA LASARTE Leitzako ikerlaria

Zientziaren indar guztiak ere COVID-19a garaitzeko borrokara bildu dira. Erlojuaren kontra ari dira txerto eraginkorra sortzeko lanean. Leitzako ikerlaria ere horretan ari da lanean Bostonen, AEBn.

COVID-19aren kontrako borrokan buru-belarri ari da zientzia. Jo eta ke, presaka, presioaren zama gainean eta atsedenik hartu gabe. Koronabirusari aurre eginen liokeen txertoa dute proiektu askok helburu eta Nerea Zabaleta Lasarte Leitzako ikerlaria ere horretan ari da. Bostonetik (AEB) erantzun dizkio galderak TTIPI-TTAPAri eta «txerto genetiko bat garatzen» ari direla kontatu digu. Horrekin batera, «zientziara diru gehiago» bideratzearen garrantziaz aritu da: «lehenago izan diren koronabirusak ikertzeko diru gehiago eman izan balitz, oraingo koronabirusari buruz gehiago jakinen genuke».

Koronabirusaren kontrako txertoa ikertzen ari zarete. Nolakoa izaten ari da borroka hori?
Borroka zoragarria eta beldurgarria izaten ari da. Alde batetik, zoragarria da ikustea ikerketa munduan eman den aldaketa, krisi hau gainditzeko helburuz denok batera lan egiteko eta bata bestea laguntzeko bildu garelako. Gainera, zorioneko sentitzen naiz nire jakituria eta formakuntza hobe beharraren zerbitzura jarri izanagatik. Bestetik, beldurgarria da ikerketak egoeraren larritasunaren ondorioz hartu duen abiadura. Presio handia dugu guregan, azkar, efiziente eta seguru lan egin beharra dugu ahalik eta azkarren txertoa sortu eta karakterizatzeko. Duela hilabete bat hasi ginen proiektuan eta deskantsurik gabe ari gara. Konkretuki, txerto genetiko bat garatzen ari gara eta helburua udarako pertsonak tratatzen hastea da. 

Birus berria eta ezezaguna da COVID-19a. Zer azpimarratuko zenuke birusaren inguruan?
Egia esan ez da hain ezezaguna. Koronabirusak birus komunak dira, adibidez, koronabirus mota batek katarroa eragiten du eta gizakien artean zirkulatzen du. Kontran, COVID-19 gaixotasuna sortzen duen koronabirusa animalietatik heldu da, eta ondorioz, koronabirus komunekiko oso desberdina da eta gizakiek ez dugu immunitaterik birusaren aurka. Bi koronabirus epidemia izan dira munduan: 2002an SARS eta 2012an MERS, eta bi kasuetan COVID-19a baino hilkortasun handiagoa eta kutsadura tasa txikiagoa izan zen eta epidemiak geldiarazi ahal izan ziren. Bi agerraldi horiek eman zirenetik, ikertzaileek laborategietan egin duten lana erabakigarria izan da gaur egungo egoeran zientzia mundua egiten ari den aurrerapenetarako.

Koronabirusaren aurkako txertoa sortzeko hainbat proiektu daude...
Bai, proiektu askoren helburua da txerto bat garatzea. Hainbat txerto mota daude eta laborategi bakoitza bere estrategia jarraitzen ari da. Txertoen helburua birusaren aurka immunitatea garatzea da eta horretarako birusa gorputzari iratsi behar zaio. Birusa hainbat modutan erakuts daiteke: birus ez-aktibatua, birusaren proteina bat edota birusaren DNA zati bat txertatuz. Kontua da erantzun immunologiko determinatu bat eman behar dela birus bakoitzaren aurka eta txerto mota bakoitzak ez du berdin erantzuten. Koronabirusaren kasuan, ez dakigu zein txertok eraginen duen erantzun egokia infekzioa ekiditeko, eta beraz, estrategia guztiak batera garatzea da hoberena.

«Agentzia erregulatzaileak erraztasuna jartzen ari dira txertoen frogak ahalik eta azkarren egin ahal izateko, baina segurtasunaren inguruan ez dira malguak»

Batzuk entsegu klinikoak egiten ere hasiak dira pertsonetan. Horrek zein arrisku izan ditzake?
Bai, estrategia horietako batzuk jada entsegu kliniko fasean daude, hau da, pertsonetan probatzen ari dira. Entsegu kliniko guztiek dituzte arriskuak, baina txertoen kasuan segurtasuna oso baldintza garrantzitsua da entsegua onartua izan ahal izateko, pertsona osasuntsuetan egin behar baita entsegua. Momentu honetan agentzia erregulatzaileak erraztasunak jartzen ari dira txertoen frogak ahalik eta azkarren egin ahal izateko, baina segurtasunaren inguruan ez dira malguak.

Sare sozialetan entsegu horiek egiteko Afrikara jotzeko aukera hartu izana salatzen duten mezuak ugariak dira...
Horrek ez du inongo zentzurik. Jendeak baieztapen horrekin esan nahi du frogatu nahi diren txertoak kaltegarriak direla eta horregatik afrikarretan probatu nahi direla. Arrazismoaren inguruan ez dut komentariorik eginen. Bestalde, beti egon da enpresa farmazeutikoaren kontrako aurreiritzi bat: ez dutela inongo intentzio onik. Hasteko, txerto bat garatzeko esfortzuetako asko laborategi akademikoetan egiten ari dira. Bigarrenik, helburua txerto bat komertzializatzea da eta horretarako agentzia erregulatzaile baten onarpena behar da; beraz, entseguak legea eta agentziaren eskakizunak bete behar ditu. Hirugarrenik, entseguetan parte hartzen duten boluntarioek gutxi dute galtzeko, segurtasuna da garrantzitsuena, eta asko irabazteko, birusaren aurkako immunitatea.

Txertoen garapena ez da erraza izanen, ezta? Zein da prozesua?
Bizi errealean prozesu luze bat da. Lehenik, hipotesia sortzen da: karakteristika determinatu batzuk dituen txerto honek immunitatea sor dezake. Aldi berean, estrategia bat diseinatzen da hipotesia esperimentalki laborategian baieztatzeko. Ondoren, produktua sortu eta karakterizatzen da; adibidez, birusaren proteina laborategian produzitu eta karakterizatu. Gero, produktuaren efikazia baieztatzen da; hau da, immunitatea sortzen duen determinatzea. Datu horiek positiboak badira entsegu kliniko bat planteatzen hasten da, segurtasun frogak egin eta agentziarekin hitz egiten da jakiteko zein baldintza jartzen dituzten produktua klinikan probatzeko. Egoera honetan fase horiek guztiak aldi berean egiten ari gara, eta sinets ezazue, lan handia da.

Noizko lortuko ote da txerto eraginkorra? 
Nire ustez txertoak eraginkorrak diren edo ez, entseguak hasi eta sei-hamabi hilabetetara jakinen da. Zaila da esatea txertoa noiz komertzializatuko den, batez ere egoeraren larritasuna ikusita. Egia da, zenbat eta txerto potentzial gehiago garatu, ordun eta entsegu gehiago eginen direla; eta ondorioz, pertsona gehiago immunizatuko ditugula. Horregatik oso komenigarria da entsegu asko egitea, nahiz eta azkenean txerto bakarra komertzializatuko den.

«Populazioaren portzentaje handiak edo osoak txertoa jasotzen badu, gaixotasuna desagerraraziko da, beste hainbat infekziorekin egin den bezala»

Txertoak zertarako balioko luke?
Infekzioak gelditzeko oso garrantzitsua da talde immunitatea, hau da, zure inguruko pertsonak immuneak badira zuk askoz ere aukera gutxiago dituzu kutsatzeko, nahiz eta immune ez izan. Gaur egun, birusak gutxiago zirkulatzea da behar duguna, eta hori lortzeko modu bat itxialdia da: pertsonen zirkulazio ttikiagoa baldin bada, birusen zirkulazioa murriztu egiten da. Beste modu bat pertsona immuneak izatea da, eta hori sendatu diren pertsona asko edukiz (immuneak bilakatzen baitira) edota txerkoen bidez immunizatuz lortzen da. Etorkizunean, populazioaren portzentaje handiak edota osoak txertoa jasotzen badu, gaixotasuna  desagerraraziko da, beste hainbat infekziorekin egin den bezala.

Txertoaz gain, COVID-19aren kontra zein bide landu daitezke?
Proiektu askoren helburua gaixotasunaren sintomen larritasuna murriztea edota birusa aktiboki ezabatzea da. Dagoeneko komertzializatuak dauden botikak eta antibiralak probatzea oso estrategia ona da, dosia eta albo-efektuak ezagutzen baitira. Hala ere, ez da soluzio ideala eta ez du kutsadura saihesten.

COVID-19a sortu denetik, administrazioek gehiago bideratu al dute zientziara? Eta hala eginen dute etorkizunean?
AEBn adibidez, NIHa (hemengo osasun sistema) dirulaguntza espezifikoak ematen ari da COVID-19aren inguruan ikertzeko; eta beste hainbat herrialdetan ere gauza bera gertatu da, adibidez, Espainian. Hala ere, gure proiektua gehienbat donazio pribatuekin finantzatzen ari gara, dirulaguntza publikoak ez baitira nahikoak prozesu hau finantzatzeko; batez ere hain denbora gutxian egin nahi badugu. 

«Lehenago izan ziren koronabirus epidemiak ikertzeko diru gehiago eman izan balitz, birus berri honen inguruko jakitura handiagoa izanen litzateke»

Koronabirusak nola aldatuko du zientziaren mundua?
Galdera bikaina eta segur aski ez dago erantzun errealistarik. Gutxienez, osasun sistema aldatu beharko litzateke, horrelako egoera bati aurre egiteko prest egon dadin. Ikerketara diru publiko gehiago bideratzea espero dut, horrelako egoera baten aurrean erreakzioa azkartzeko eta hobetzeko. Adibidez, lehenago izan ziren koronabirus epidemiak ikertzeko diru gehiago eman izan balitz, birus berri honen inguruko jakituria handiagoa izanen litzateke, eta ondorioz, tratamenduak eta txertoak azkarrago lortu izanen lirateke.



Leitzatik AEBra
Biokimikako ikasketak bukatuta, hiperoxaluria sendatzeko tratamendu alternatiboen inguruan tesia egiteari ekin zion Nerea Zabaleta leitzarrak. Doktoretza egin bitartean, Parisen eta New Yorken ere ibili zen. Ez hori bakarrik. Terapia genikoaren arloko ikertzaile gaztearen saria ere eman zioten. 2019ko urtarrilean, berriz, AEBrako bidea hartu zuen, doktoretza ondoko ikasketak egiteko. Luk Vandenberghe ikerlariaren laborategian hasi zen lanean Alfonso Martin Escudero Fundazioaren dirulaguntzari esker. AEBn dago geroztik. Gaur egun, Bostoneko Mass Eye and Ear ospitalean egiten du lan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun