COVID-19: Elkarrizketak

«Dagoeneko onartu dut gaixotu naizela, baina inpotentzia eta amorrua barrenean ditut»

E. IRAOLA 2020ko api. 1a, 10:00

Zuriñe Goikoetxea Saizar, 27 urteko Aresoko erizaina.

Sei urte daramatza erizain lanetan Zuriñe Goikoetxea Saizar aresorrak. Nafarroako Ospitale publikoan ari da lanean eta COVID-19az kutsatutako gaixoak artatzen ibili da azken asteetan. Aurreneko lerroan aritzen denak, badu kutsatzeko aukera eta etxean da orain Zuriñe, gaixorik. Iluntzetako txalo zaparrada ongi irabazia dutenen adibidea da.

Covid-19ak nola aldatu du zuen lan jarduna?
Nafarroako Ospitaleko Virgen del Camino izenez ezaguna den B pabilioiko eraikin orokorreko 5. pisuan ari naiz lanean. Pisu hau neumologia zerbitzuko ingresatuena da. Oraintxe bertan, ordea, eraikin orokorreko pisu guztiak COVID-19az gaixoturiko gaixoentzako soilik daude irekita. Ez dugu bestelako patologiarik jasotzen. Berezkoa baino langile kopuru handiagoarekin ari gara lanean. Jarri diguten ratioa goiz eta arratsaldeko txandetan 6 gaixokoa da erizain/auxiliar bakoitzeko eta gauetan, berriz, 8-9koa. Ospitaleko hainbat zerbitzu gelditu egin dira, hala nola, kontsulta programatuak, kirurgiak, frogak…. Leku hauetan lan egiten duten langileak lekuz aldatu dituzte eta, orain, COVID-19a duten gaixoak artatzen ari gara langilegoaren kopuru handi bat.

Eragina izan du zuen lanaldian ere?
Alarma egoera jarri zutenean, lehenengo astean, nik 8 eguneko astea egin nuen. Ez da ohikoena, baina lanerako zenbat jende izango ginen eta txandak nola antolatu ikusi arte deskantsurako aukera gutxirekin ibili gara gehienak. Goiz eta arratsaldeko txandak 7 ordukoak dira, gauekoak berriz 10 ordukoak. Batzuk gauez edo goizez soilik egiten duten lan, besteak hiru txandatan ibiltzen gara.

Babesteko materiala eskura izan dituzue?
Gaixoak etortzen hasi aurretik tailer bat eman ziguten EPIa (Norbera babesteko ekipamendua) nola jarri eta kendu behar genuen ikasteko eta prebentzio sailekoak material aldetik nahikoa bazutela esan ziguten. EPIaren barrenean FPP2 FPP3 maskarak sartzen dira eta ez kirurgikoak. Lehenengo egunetan, ordea, maskara kirurgikoarekin ibili gara lanean. FPP2 eta FPP3ak bazeuden, baina ez zizkiguten ematen beharrezko momentuetarako soilik zeudela argudiatuta. Egia da gaixoari ere maskara kirurgikoa janzteko esaten geniola gela barrura sartu behar genuenetan. Hala ere, beti ez da erraza. Mugimendu murriztuko gaixoak, egoera kognitiboa baxua duten gaixoak, oxigenoa behar duten gaixoak…. dauzkagu eta denak ez dira gai edo ezin zaie jarri edo jaten eman behar zaie eta eztula ere egiten dute, hori baita gaixotasun honen sintometako bat.

«EPIa ez dugu osotasunean eskura izan. Ez langileok babesteko maskarak, ezta mantal aurrekoa nahi adina aldatzeko lasaitasuna ere»

Lanean nenbilen 5. egunean eman ziguten FPP3 bat bakoitzari, baina luzerako gorde beharko genuela esan ziguten. Hau da, plastikozko poltsa batean gorde eta berrerabili egin beharko genuela. Mantal aurrekoa ere hasieran nahi beste alda genezakeen, baina astea aurrera joan ahala materiala bukatzen ari zela ikusi genuen. Ongi pentsatu behar genuen gelara noiz eta zenbatetan sartu, ez zituzten mantal aurreko gehiago ekartzen eta dagoeneko gutxi gelditzen ziren. Beraz, EPIa ez dugu osotasunean eskura izan. Ez dugu langileok babesteko beharrezkoa zaigun maskara FPP2 edo FPP3rik edukitzeko aukerarik izan gaixoarengana hurbildu behar genuenetan ezta lasaitasunik behar genuen guztietan mantal aurrekoa aldatzeko ere. Lanera sartu eta txanda bukatu arte maskara kirurgikorik ez dugu kentzen.

Noiz hasi zinen sintomak edukitzen?
Sintomekin joan den asteazkenean, martxoaren 25an hasi nintzen, gripea izaten deneko sentsazioa nuen: gorputza minbera, nekea, sukarra eta buruko karga handia. Ostiralean, martxoaren 27an, egin zidaten proba eta positiboa atera da.

Nola sentitzen zara orain?
Oraintxe bertan burua kargatuta eta gorputza motel nabaritzen dut, energia gutxirekin. Hala ere, egunetik egunera hobeto sentitzen noa eta sukarra ere geroz eta gutxiago daukat. Eztarrian azkura jarri zait eta orain eztulka hasi naiz noizean behin.

Ze neurri hartu behar dituzu?
14 egunez ezin naiz etxetik atera, lanean baja eman didate. Etxean maskarilla kirurgikoarekin nabil, nire gelan bakarrik egon beharra daukat, komun bat soilik erabili eta jateko platerak basoa eta mahai tresnak aparte dauzkat, nik bakarrik erabiltzen ditut eta amaitutakoan lejiarekin garbitu. Etxea ahalik eta desinfektatuen eduki eta oheko arropak ere maiz aldatzen ditugu eta etxekoekin distantzia mantenduz beti. 

Zuen lanak duen arriskuaren parte da, baina prest al zeunden?
Emozionalki nahiko baju nago, prozesu honekin lanean hasi ginenean oso lasai negoen, telebistan entzundakoarekin gripe itxura zuela eta jende gazteak gripe soil bat bezala pasako zuela esaten zuten. Adineko jendea edota patologia kronikoa duten gaixoei gehiago eragingo ziela esaten zuten. Errealitatea bestelakoa da. Aurrekari garrantzitsurik gabeko jendea ingresatzen ari da, 30-40-50 urteko jendea. Ospitalean dauden bitartean prozesua okertzen hasten bada oso azkar okertzen dela ikusten duzu, ordu erdi batean egoera osotara alda daiteke eta gaur dauzkazun gaixoak bihar jadanik ez daude.

Lan egiterakoan eragina izango du horrek?
Gelara sartzen zarenean lana ahalik eta azkarren egin nahi duzu, ahalik eta kontaktu gutxien izateko. Gainera, segurtasun tartea mantendu beharra daukagu baina batzuetan ezinezkoa da: oxigenoa jarri behar badiozu, jaten eman, ohea egin, ohean garbitu, botikak zainetik jarri…. Badirudi ez duzula bere ondora gerturatu nahi, baina orduan gaixoa bakarrik dagoela eta konpainia nahi duela konturatzen zara eta bazoazela esaten diozunean eta ‘dagoeneko bazoaz’ erantzuten dizunean ez da batere erraza. Familiakoek ere informazioa nahi dute, denak urduri eta zerbait jakin nahian daude.

«Nahiz eta guztiek odol hotza dugula eta ohituta gaudela pentsatu, hau dena bizitzeko ez nengoela prest ikusi dut»

Nahiz eta guztiek odol hotza dugula eta ohituta gaudela pentsatu, hau dena bizitzeko ez nengoela prest ikusi dut. Inoiz baino nekatuago eta tristeago nagoela sentitu dut, lanean baita etxean ere. Nire egunerokoan asko eragin dit, burua ezin deskantsatu eta fisikoki tentsio batean egoteak. Orain birusak ni harrapatu nau eta egia esan disgustu handia hartu nuen. Dagoeneko onartu dut gaixotu naizela, baina inpotentzia eta amorrua barrenean ditut.

Zein da momentuan duzun kezka?
Momentu honetako kezka handiena nire ingurukoak kutsatu izana da, zorionez denak osasuntsu mantentzen dira eta hala izatea eskatzen dut.

Noiz izango zenuke lanera itzultzeko aukera?
Nire osasun etxeko mediku eta erizainek egunero deitu eta prozesuaren jarraipena egiten didate, ez dakit noiz izango dudan aukera bueltatzeko, oraingoz 14 egunak etxean pasa eta egunean egunekoa nola doan ikusi beharko da. Pentsatzen dut isolamendua pasa eta berehala bueltatu beharko dudala lanera.

Datu ofizialek benetan erakusten al dute errealitatea?
Datu ofizialek ez dute errealitate osoa erakusten, jende asko eta asko baitago testa egin gabe sintomekin edo sintomarik gabe, baita osasun langileen artean ere. Ez baduzu sukarrik ez dizute proba egiten eta oraintxe langileak behar dituztenez, kutsatua dagoen jendea lanean aritzeko aukera dago. Seguru nago, kutsatuen kopurua esaten dutena baino handiagoa dela.

«Benetan etxean gelditu behar dugula sinistu behar dugu. Beraiek arriskurik ez dutela uste badute, besteengandik egin dezatela gutxienez».

Eta oraindik bada, etxean gelditzeko agindua ulertzen ez duenik…
Gizartea agindu horrek benetan duen garrantziaz ohartzea gustatuko litzaidake. Hasieran sinestarazi ziguten bezala, ez dela gripe soil bat ohartzea. Ez dakigu nola eragingo duen gorputz bakoitzean, espero gabeko erreakzioak ikusten direlako. Pazientzia izan eta babesteko beharrezko neurri guztiak hartzea ezinbestekoa da, benetan etxean gelditu behar dugula sinistu behar dugu. Beraiek arriskurik ez dutela uste badute, besteengatik egin dezatela gutxienez.

Kontrakorik ere bada. Txalo zaparradak, elkartasun ekintzak…
Bai eta jasotako laguntza eta animoak eskertu nahi nituzke. Osasun langile guztioi indarra ematen digute ekintza eta babesa adierazteko hitz guzti horiek. Egia esan oso hunkigarria da gizartean sortu den mugimendu solidarioa, egunero entzun dugun txalo eta soinu zaparrada, materialen laguntza, gauza berriak sortzeko ideiak…. Denak dira ongietorriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun