53 urteko lesakar bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 16a, 11:00

Foruzaingoak atxilotu du 53 urteko lesakarra eta droga trafikoa leporatzeaz gain, foruzain bati eraso egin izana egotzi diote. Marihuana eta anfetamina hondarrak atzeman dizkiote etxean.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, etxean estupefazienteak saltzen zituela adieraziz herritarren hainbat dei hartu ondotik abiatu zuten ikerketa. Atxilotzeko momentua nolakoa izan zen ere azaldu du: «atxilotzerakoan, polizia bat hormigoizko aska baten kontra bulkatu eta zaurituta utzi zuen eta atxilotua bera etxean giltzaperatu zen. Atxilotuak suzko lau arma zituela erran zuenean, poliziak atea indarrez botatzen hasi ziren». Gehiago ere kontatu dute Foruzaingotik: «agenteek etxeko leihotik eta tximiniatik kea ateratzen zela ikusi zuten, droga desegiten ari zen seinale». Etxe barrenera sartu zirenean «atxilotuta ustez droga trafikorako erabilitako materiala erretzen ari zen».

Erretako hondakinen artean, «doitasun handiko baskula, marihuanaren adarrak eta hauts zuriko plastikozko ontzi bat» atzeman zituzten foruzainek eta, antza, ontzi horretan anfetamina zegoen (beheitiko argazkia). Etxetik hurbil dagoen belai batean, bertzalde, «hainbat neurritako marihuana landareak» topatu zituztela adierazi dute, eta «etxe barrenean, hainbat tresna: fokuak, erauzgailuak, armairu bat, zigilatzeko biribilkia, dosiak saltzeko plastiko zatiak, marihuana eta anfetamina arrastoak zituzten ontziak eta poltsak...».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun