Bi pertsona hil dira Olaguen izandako talka batean, horietako bat igantziarra

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 12a, 10:01

Bortz ibilgailuk talka egin zuten atzo gaueko 8ak aldera Olagueko saihesbidean. Istripuak bi hildako (Igantzikoa eta Donostiakoa) eta bortz zauritu eragin ditu (tartean, Lesakako bat eta Doneztebeko hiru). 4x4 lur orotako ibilgailu baten eta kamioi baten arteko aurrez aurreko talka baten ondotik hasi zen istripua. Kamioi horren kontra jo zuen gibeletik zihoan biktimen autoak.

Hildako bi gazteak, 19 urteko igantziarra eta 21 urteko donostiarra, ibilgailu berean zihoazen. Auto horretako hirugarren bidaiaria (25 urteko gazte lesakarra) zauri larririk gabe atera zen.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, biak berehala hil ziren, eta bertaratu ziren mediku zerbitzuek heriotza baieztatu bertzerik ezin izan zuten egin. Suhiltzaileek gorpuak txapa artetik askatu zituzten eta Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zituzten autopsia egitera.

Istripu honetan, gainera, bertze lau zauritu ere izan ziren: 34 urteko gazte urroztarra eta Doneztebeko hiru gehiago (53 urteko gizasemea, 47 urteko emaztekia eta 16 urteko gaztea).

Kamioiaren gidaria, 42 urteko gizaseme errusiarra, onik atera zen.

Istripua Olague parean hiru errei dituen errepide zatian gertatu da eta, istripuaren arrastoak garbitu bitartean, N-121-A errepidea itxi egin zuten eta trafikoa Olague herrian barrena desbideratu behar izan zen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun