2022ko albisterik ikusienak ERRAN.EUSen

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 7a, 09:00

Joan den urteko albisterik leituenen bilduma osatu du aurten ere TTIPI-TTAPAk. Urte osoko datuak kontuan hartuz, eskualdeko herritarren artean interes handiena piztu duten hogei albisteekin zerrenda osatu du.

1-Onik agertu da goizean desagertutako legasarra

Otsailaren 8an desagertu zen Beatriz Indart Ariztegi legasarra eta haren bila ibili ziren. Handik ordu batzuetara onik agertu zen.

2-Berako Plaza Zaharreko 24 etxebizitzetako bizilagunak etxetik atera dituzte, azpitik pasatzen den errekatik zulo bat azaleratu ondotik

Joan den urteko urtarrilaren 10ean Berako Plaza Zaharraren eta Herriko Etxeko Plazaren artean dauden eskaileren inguruan zulo handi bat agertu zen eta etxeen segurtasuna arriskuan ote dagoen aztertu bitartean, lau atarietako bizilagunak etxetik atera zituzten.

3-Sutea Lesakan Tomaseneko bordako zerrategian

Apirilaren 12an gertatu zen ezbeharra, sute batek Lesakan Tomaseneko bordako zerrategia kiskali zuen.

4-Etxalarko bizilagun bat atxilotua bere autoan zihoan emaztea tirokatzeagatik

Urtarrilaren 26an atxilotu zuten, egun batzuk lehenagotik bere bikotekidea Sunbilla parean autoan zihoanean ibilgailuan hartu zuen tiroaren egilea izatea leporatuta. Foruzaingoaren arabera, itxuraz errifle batekin egindako tiroak autoaren karrozeriaren kontra jo zuen.

5-Katti, politte, eskerrik asko

Urtarrilaren 10ean hil zen Katti Zabaleta Azpiroz leitzarra gogoan, Leitzako Amazabal institutuko 60 ikasle ohi baino gehiagok gutun hauxe idatzi zuten. Eskerrak eman nahi izan zizkioten «amesteko, eraldatzeko, hazteko hegoak indartzeagatik, hegan egiten ikasteko bidelagun izateagatik».

Katti, politte, eskerrik asko

6-34 urteko lesakarra sanferminetako azken entzierroko zaurituen artean

Iruñeko sanferminetako azken entzierroan gertatu zen. Itxura batean entzierro azkarra eta garbia izan bazen ere, azkenean sei zauritu utzi zituen, tartean, 34 urteko lesakarra. Egun berean eman zioten alta.

34 urteko lesakarra sanferminetako azken entzierroko zaurituen artean

7-Kristina Saralegi leitzarra hil da

Otsailaren 25ean hil zen Leitzako Arro baserriko alaba, eta heriotzaren albisteak gogor astindu zuen herria. Leitzan ez ezik, Euskal Herrian oso ezaguna zen, batez ere baserriaren, kirolaren eta tradizioen inguruko hainbat arlotan.

Kristina Saralegi leitzarra hil da

8-Sanferminetan Lesakako lorategietan eta berdeguneetan kanpatzea debekatua egonen dela jakinarazi du udalak

Lesakako Udalak sanferminen atarian egin zuen jakinarazpena, eta gazteei garraio publiko zerbitzua erabiltzeko deia egin zien.

Sanferminetan Lesakako lorategi eta berdegunetan akanpatzea debekatua egonen dela jakinarazi du udalak

9-Eratsunen 37 urteko mendizale bat hil da

Nafarroako Suhiltzaileek jakinarazi zutenez, 37 urteko mendizale oiartzuar bat hil zen irailaren 3an Eratsunen bihotzekoak emanda. Doneztebeko mediku-erizainak eta suhiltzaileak gogotik saiatu ziren mendizalea suspertzen, baina, zoritxarrez, ezin izan zuten deus egin.

Eratsunen 37 urteko mendizale bat hil da bihotzekoak emanda

10-Marihuana laborategia Etxalarren

Joan den urte hasieran gertatu zen. Foruzaingoak adierazi zuenez, miaketa egiterakoan 40 kilo marihuana, 1.500 gramo haxix eta legez kanpoko armak konfiskatu zituzten.

11-«Hilketa saiakera» delituaren zantzuak ikusita, behin-behineko espetxealdia bi atxilotuentzat

Sunbillako tiroketarekin lotutako kasua da. Emakumearen aurkako indarkeriaren epaileak «hilketa saiakera» delituaren zantzuak ikusi zituen eta bi atxilotuendako behin-behineko espetxealdia agindu zuen, komunikatua eta fidantzarik gabea. Epaileak ebazpen judizialean azaldu duenez, ilbeltzaren 23an bi inputatuak gertakarien tokian zeuden biktimaren ibilgailuari eskopeta batekin tiro egin ziotenean. Tiroak autoaren aitzineko aldean jo zuen, gidariaren aldeko leihatilan. Horiek horrela, magistratuak hilketa saiakera egotzi zien bi atxilotuei.

«Hilketa saiakera» delituaren zantzuak ikusi dituelako, epaileak behin-behineko espetxealdia agindu du bi atxilotuendako

12-Egoerarekin etsita Lesakako osasun eremuko zuzendariak dimisioa aurkeztu du

Duela aste pare bat, nekatuta eta etsipenez mintzatu zen azken zazpi urteotan Lesakako Lehen Mailako Arretako zuzendari izan den Ruth Gonzalez Santo Tomas. Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta arduradunengan «konfiantza galdu» duela adierazi zuen eta ez zuela «gestio txar horren ageriko aurpegia izaten» segitu nahi. Jakinarazi zuenez, abenduaren 31n uztekoa zuen zuzendari kargua eta Etxalarko eta Berako medikua izaten segituko zuela aipatu zuen. Bortzirietako osasun zentroen egoera larria ere azaleratu zuen.

Egoerarekin etsita Lesakako osasun eremuko zuzendariak dimisioa aurkeztu du

13-Gizonezko bat atxilotu dute Lesakan tratu txarrak leporatuta

Iraileko lehenbiziko asteburuan sei lagun atxilotu zituzten Nafarroan indarkeria matxista egotzita, eta horietako bat Lesakan izan zen.

Gizonezko bat atxilotu dute asteburuan Lesakan tratu txarrak leporatuta

14-Arraiozko 21 urteko gazte bat hil da gidatzen zuen ibilgailua errepidetik aterata

Otsailean gertatu zen ezbeharra, gidatzen ari zen ibilgailua bidetik atera eta 150-200 metro inguruko tarte batean amildegi batetik beheiti erori zen erreka bateraino. Kolpe haundia izan zen.

Arraiozko 21 urteko gazte bat hil da gidatzen zuen ibilgailua errepidetik atera eta amildegi batetik erorita

15-Emakume bat hagitz larri zauritu da Narbarte inguruan izandako auto istripuan

Maiatzaren 2ko eguerdian gertatu zen istripua, Narbarte eta Legasa artean, errepide zaharraren eta N-121-A errepide berriaren arteko bidegurutzean. Zoritxarrez, hil egin zen.

Emakume bat hagitz larri zauritu da Narbarte inguruan izandako auto istripuan

16-Pello Apezetxea euskaltzalea eta Etxalarko apaiza hil da

Martxoaren 16an hil zen Pello Apezetxea Zubiri, apaiza, idazlea, ohorezko euskaltzaina eta TTIPI-TTAPA Fundazioko lehendakaria. Goizuetan sortua 1932ko ekainaren 24an, Etxalarren pasa zituen bizitzako urte gehienak.

Pello Apezetxea euskaltzalea eta Etxalarko apaiza hil da

17-Beran jokatu zen 1974an Munduko Ziklo-kros Txapelketa

XX. mendean hainbertze ziklo-kros txapelketa jokatu zituzten Beran eta izugarrizko ospea eman zioten herriari. Proba garrantzitsu haien irudi batzuk bildu zituen TTIPI-TTAPAk iazko urtarrilean argazki zahar, liburuxka eta bideo artxiboen bitartez.

1947an lehenbiziko ziklo-kros lasterketa Beran

18-Adur Etxezarreta eskiatzaileari omenaldi hunkigarria Areson

Sorpresa haundia eman zioten otsailaren 12an herritarrek eta kuadrillakoek (herrikoak eta Leitzakoak) Adur Etxezarreta eskiatzaileari. Bazkaltzera joateko geldituak ziren, baina, Adurrentzat ustekabean, hitzordua omenaldi hunkigarri bihurtu zen.

19-Covid ziurtagiriaren kontrako elkarretaratzea Lesakan

Covid ziurtagiriari ez, Askatasuna zioen pankartaren gibelean hainbat lagun bildu ziren iazko ilbeltzaren 7an Lesakako Plaza Zaharrean egindako elkarretaratzean.

Covid ziurtagiriaren kontrako elkarretaratzea egin dute Lesakan

20-Berako bizilagun bat espetxera droga substantziekin trafikatzeagatik

Foruzaingoak etxea miatu zuenean, 115 gramo kokaina, 110 gramo speed eta 120 gramo marihuana aurkitu zituzten, baita bortz baskula eta droga paketatzeko materiala ere. Otsailean izan zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun