«Polittek, zer moduz zatea? Zerbatte behar al duzue?» galdetuz jasotzen gintuzun gure institutuko ikasle jarduneko edozein goizetan. Nerabe zein gazte zarela, ohikoak ez diren galderak ziren Amazabal Institutuan, eta guk ikaragarri eskertzen dizugu ohikotasunetik at, ikasleekiko zure begirunea, zaintza eta arreta.
Ordurarte,Katti, Leitzako zein inguruko herrietako festetan ikusten zintugun azoketan saltzen, izan arropa koloretsu zein biziak, izan zilarrezko belarritako eta eraztunak. Bati baino gehiagori sudurrekoa edo belarritakoa ere paratu zenigun. Eta ondoren, zortedun, oso zortedun, izan ginen eta gara, gure nerabe eta gaztaroko bidelagun izan zaitugulako.
Leitzako Institutuko atezaintzako bulegotik zenbat ikasle pasako ote ginen zu han zeundela? Atea beti zegoen irekita…Hileroko minarekin bageunden, infusio bero bat hartzeko; irakasleren batekin haserrealdiren bat izan ondoren, lasai atseden hartu eta zure kontsejuak jasotzeko; ikasle mugimendu zein gazte mugimendutik ekimenen bat antolatua bagenuen, fotokopiak ateratzeko; ikasleok ideiaren bat bagenuen, gaiaren inguruan gogoetatu eta bultzada jasotzeko; orduan hain ohikoa ez zen mobilizazio edo ekimen feministaren bat antolatzeko laguntza eskaintzeko; aurpegi tristeak identifikatu eta besarkada eta animoak emateko…Eta noski, jai egun arrotzetan institutua irekitzeko etortzen zinen, eta irakasleren bat falta bazen, hantxe zinen ikasgelaren batean, azterketaren batean edo «zaintza egiten», beti, ikasleoi gauzak errazten, laguntzen, sustengatzen…
Elkarrekin lehian jartzen gaituen bizi eredu honen aurrean, boterea gustuko ez zuen emakume indartsua izan zara. Desobedientea. Ertzean kokatzen zinen, erabakietatik baztertuak ginenokin batera. Helduen boterearen eremuan ametsengatik borrokatzeko akuilu eta arnas zinen gazteontzako. Gure aliatu bihurria.
Gure genealogiari gehitu beharreko sorgina zara. Intsumitua arau eta lege askoren aurrean… eta noski ordaindu egin zenuen. Akaso ez genuen asmatu guk zu zaintzen zuk gu adina, eta emandako guztia itzultzen. Eta ziurrenik nahi eta behar baino beranduago iritsi da aitortza hau, Katti, baina jakin gure baitan ez dela sekula itzaliko begirada goxoz apainduriko zure irribarre errebelde eta intsumitua. Eta oraindik orain, zurekin batera Amazabal Institutuko pasilloetan partekatutako hamaika ixtorio gogoratzen ditugula.
Eskerrik asko amesteko, eraldatzeko, hazteko hegoak indartzegatik, hegan egiten ikasteko bidelagun izategatik. Nahi genituen bizitzak eraikitzeko lurzoru indartsu bat jartzen egindako lanagatik. Askatasun olatuez zipriztintzeagatik. Herritar (eta, bereziki, emakume) gisa, izateko, egoteko eta bizitzeko mila modu daudela erakusteagatik.
Maitasuna eskaini zenigun eta guk ere maite zaitugula esan nahi dizugu.
Beti arte, matte zattu, Katti.
Besarkada estu bat senide eta lagunei.
Leitzako Amazabal Institutuko ikasle ohiak (Saioa Sagastibeltza Ganboa, Jone Lozano Miranda, Garikoitz Sagastibeltza Suberbiola… eta, gutxienez, beste 60 ikasle ohiek sinatuta, eta gehiago izango garela seguru)