Sute batek Lesakan Tomaseneko bordako zerrategia kiskali du

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 12a, 08:00

Bart arratsean sute batek kiskali du Lesakan Tomaseneko bordako zerrategia. Suhiltzaileek sua itzali duten bitartean, foruzainek errepideko trafikoa kontrolatu dute pasabidea txandaka irekiz. Oraingoz ez dute jakitera eman nola piztu den sua.

Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, gaur 00:46ak aldera 112 telefonoan hartutako dei batek ohartarazi du Maderas Pikabea enpresaren instalazioak erretzen ari zirela.

Lesakako suhiltzaile boluntarioak eta Oronozko eta Cordovillako suhiltzaileak mobilizatu dituzte berehala. Iritsi direnerako, suak zerrategi osoa hartuta zuela ikusi dute eta, beraz, nabeen kanpoko materiala babestu dute, sugarrek ere har ez dezaten.

Sutea kontrolatutzat jo dute 02:45 aldera, nahiz eta Oronozko suhiltzaileek geroxeago berriz itzuli behar izan duten zerrategira, egon daitezkeen su-hondarrak detektatzeko.

Bertara bidalitako anbulantziak ez du lanik izan, ez baita inor zauritu, eta orain Foruzaingoa gertaeraren arrazoiak ikertzen ari da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun