Egoerarekin etsita Lesakako osasun eremuko zuzendariak dimisioa aurkeztu du

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 21a, 14:00

Artxiboko argazkia.

Nekatuta eta etsipenez mintzatu da Ruth Gonzalez Santo Tomas, azken zazpi urteotan Lesakako Lehen Mailako Arretako zuzendari izan dena. Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta arduradunengan «konfiantza galdu» duela adierazi du eta ez du «gestio txar horren ageriko aurpegia izaten» segitu nahi. Jakinarazi duenez, abenduaren 31n utziko du zuzendari kargua eta Etxalarko eta Berako medikua izaten segituko du. Bortzirietako osasun zentroen egoera larria ere azaleratu du. «Belen Compains pediatrak gaur du azken lan eguna eta urtarrilean, egunaren arabera, hiru edo lau mediku izanen gara Bortzirietako herritar guztiei, haurrei eta helduei, arreta emateko. Egoera normalean zortzi izanen ginateke».

%200 eman arren, «langileekin begirunerik gabe»

Ohar bidez jakinarazi du Gonzalezek bere dimisioaren arrazoia. Alde batetik profesional falta aipatu du: «bajak eta erretiratuen lanpostuak hutsik, ordezkoen etengabeko falta...». Horri «egoera hobetzeko plan gabezia» gehitu behar zaiola gaineratu du: «epe labur, ertain eta luzerako ideia eta helbururik gabe». Aitortu du «ziur» dagoela «lana aitzinera ateratzen den bitartean, denak balio duela, nahiz eta langileen osasunaren kontura izan». Eta lantaldearekin «begirune minimorik» ez dutela izan ere salatu du, nahiz eta «ahalik eta hobekien lan egiten saiatu, behar denean % 200 eginez, zalapartarik egin gabe, eta baliabide faltagatik sufritu duten herritarrekin».

Oztopo gehiago

Bere hitzetan, «Iruñetik urruti gaudenez, eskaintza berdinarekin inoiz ez da inor honaino lanera etortzeko baldintzak onartzeko prest izanen. Horri Osakidetzaren konpetentzia gehitu behar zaio, soldatetan alde handia baitago». Argi utzi du «osasun emaitzak eta lantaldearen lana ez digutela aitortzen, eta oztopo gehiago baino ez dizkigute paratzen gure herritarrek behar duten osasun zentroa izaten segitu ahal izateko».

«Ez dut kudeaketa txar horren ageriko aurpegia izaten segitu nahi»

«Gai dira guri ukatzen dizkiguten baliabideak hobeki hornitutako bertze talde batzuei esleitzeko»

Ruth GONZALEZ SANTO TOMAS

Gonzalezek garbi utzi du ez duela «gure inguruko herritarrek duten kudeaketa txar horren ageriko aurpegia» izaten segitu nahi: «Ni ere azken hamar urteotan Nafarroako txoko honetako bertze bizilagun bat ere banaiz». Esplikatu duenez, «ez dut taldeari egunero baldintza horietan lan egiteko behar den gehiegizko ahalegina eskatuko diona izan nahi: ez dagokien lana euren gain hartu behar duten medikurik gabeko erizainak, amaierarik gabeko medikuen agendak, pazienteak artatzetik bukatzeko egin behar dituzten aparteko orduak...». Hori «gure arduradunei eta langileen sailari» ez zaiola inporta salatu du, eta gehiago ere erran du: «gai dira guri ukatzen dizkiguten baliabideak hobeki hornitutako bertze talde batzuei esleitzeko».

Abenduaren 31n utziko du zuzendari kargua, eta Etxalarko eta Berako medikua izaten segituko du

Abenduaren 31n utziko du zuzendari kargua, eta urtarriletik aitzinera «mediku gisa, herritarren beharrei erantzuteko ahalik eta lanik hoberena egiten» segitu nahi du, «osasun zentroko lantaldeari lagunduz eta bertan lan eginez. Baina gaur egun lana bertzerik ematen ez didan eta trukean inolako satisfaziorik ematen ez didan zuzendaritza utziko dut». Hala, zuzendari karguan ez, baina Etxalarko eta Berako medikua izaten segituko du Ruth Gonzalez Santo Tomasek, bere hitzetan, «hori delako orain inportanteena, pazienteei arreta ematea».

Bortzirietako herritar guztiak artatzeko hiru edo lau mediku baino ez urtarrilaren 1ean

Dimisioaren arrazoien berri emateaz gain, Bortzirietako osasun eremuaren egoera jasanezina dela jakinarazi du. Urte aunitzez Lesakako pediatra izan den Belen Compainsek erretiroa hartuko du eta gaur du bere azken lan eguna. Beraz, lanpostu hori hutsik geldituko da. Horri aspalditik hutsik dagoen Berako pediatraren plaza gehitu behar zaio. Arantza eta Igantziko medikua urtarrilean hasiko da lanean (aitzinekoak erretiroa hartu zuen eta hutsik egon da geroztik), baina Lesakako bi mediku bajan daude. Hala, «urtarrilean Bortzirietako herritar guztiak, haurrak eta helduak, artatzeko hiru edo mediku izanen gara egunaren arabera. Egoera normalean, sei familia mediku eta bi pediatra behar genuke, horietako bat lanaldi osoan eta bertzea lanaldi erdian».

Eta gehiago ere bada: «Baliteke denak Lesakan kokatu eta Bortzirietako herritar guztiak bertatik artatzea». Egoeraren larritasuna agerikoa da, eta dioenez, «itsasontzia hondoratzen ari da, eta ez dago gidatuko duen inor». Ardura Nafarroako Gobernuarena dela adierazi du: «Iruñetik zerbait mugitzeko esperoan gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun