Pello Apezetxea euskaltzalea eta Etxalarko apaiza hil da

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 17a, 16:00

Gaur eguerdian hil da Pello Apezetxea Zubiri, apaiza, idazlea, ohorezko euskaltzaina eta TTIPI-TTAPA Fundazioko lehendakaria. Goizuetan sortua 1932ko ekainaren 24an, Etxalarren pasa ditu bizitzako urte gehienak. Hileta elizkizunak bihar ortziralea eginen dituzte Etxalarren, arratsaldeko 5etan.

«Elizan dena erdara hutsez izateak mina ematen du»

Elizaz, euskaraz eta herriaz solastatu zen Pello Apezetxea Berria egunkariarekin 2019ko uztailean. Elkarrizketa hartan agertutako pasarte batzuk daude hemen segidan.

Pello Apezetxea Zubirik Goizuetan ditu erroak, baina Etxalarren pasa ditu bizitzako urte gehienak: «hamabi urte seminarioan, gero Etxarri Aranatzen hamar urte eta gero Etxalarren. Beraz, ia-ia dena Goizuetatik kanpo». Herritik, etxetik, datorkio euskaltzaletasuna: «etxean ez dut behin ere erdaraz hitzik entzun, herrian lagunekin ere ez».

Berriari emandako elkarrizketa hartan kontatu zuenez, Iruñeko seminarioan ez zuten euskaraz egiten: «1943. urtea zen, gerra ondorengo urteak oso txarrak izan ziren euskararentzat, orduko agintariek debekatu eta zigortu ere egiten zutelako». Erratzuko irakasle batek «urtean hamabost bat aldiz» toponimiari buruzko gauzak kontatzen zizkien eta «tarteka-tarteka euskal dantzak egiten ziren, baina bestela ez».

Euskararekiko atxikimendua

Aitortu duenez, «seminarioko azken urteetan zerbait irakurtzeko aukera» izan zuen. Dena dela, Etxarri Aranatzen garatu zitzaion euskararekiko atxikimendua: «elizan-eta euskaraz hitz egiten genuen, jendearekin ere bai». Are gehiago, «batzuetan euskararekin zerikusia zuten bilerak» ere egiten zituztela kontatu zion Berriari. Kontzientzia urratzaile izan ziren urte horiek berarentzat: «urte horietan joan nintzen ohartzen. Etxalarrera etorri, eta hemen gehiago. Bortzirietan bazen, sortu zen eta indartuz joan zen euskararen aldeko mugimendua». Mugimendu horren bueltan «haurrei euskara erakusten» hasi ziren eta euskaltegiak sortu ziren: «hemen [Etxalarren] eskolak ematen nituen, baita Lesakan ere». Gainera, Pello Apezetxea izan zen Etxalarko ikastolaren sortzailea eta, ondotik, berak sustatu zuen Etxalarko Eskola D ereduan sartzea.

«Elizak orain dela 50-70 urte bezala segitzen du»

Elizan euskaraz aritzea ere beraien erabakia izan zen: «gure gauza izan zen. Elizaren aldetik (...) orain ere nahiko eskas gai horretan. (...) Apezpikutzak ez du horretan kontzientziarik». Horren aitzinean, argi adierazi du bere jarrera: «nik uste dut publikoa den gauza guztietan euskarak agertu behar duela euskalduna den herrian; bestela, lehen ere nahiko erdara entzun eta idazten da». Zentzu horretan, elizak «orain dela 50-70 urte bezala» segitzen duela uste du: «apezpikuak euskalduna behar luke (...) hitzik ere ez daki euskaraz». Apaiz euskaldun izateak «tripako mina» ere eragin izan die: «dena erdara hutsez izateak mina ematen du. Euskara ez dago onartua; beraz zu ere ez zaude onartua». Seminarioko bidea «txikitatik» heldu zaio: «han hasi nintzen solfeo ikasten» eta «han kantatzen genuen abesbatzan». 

Ttipi-Ttapa Fundazioko lehendakari 

Euskalgintzan eginiko lanarekiko lotura estuan, sar daiteke TTIPI-TTAPA Fundazioan eginiko lana. Fundazioko lehendakaria da Apezetxea eta ongi ezagutzen ditu pausoak. Aldizkariaren sorrerari ere tarte egin dio: «bi-hiru lagun hasi ziren horretan, eta bi hilabetetik behin ateratzen zuten (...) gero hamaboskari egin zen, beste jende batzuk sartu ziren...». Hein batean bederen, euskararen normalizazioan eragin zuen aldizkariaren sorrerak: «herriko berriak izanik, arruntak, hurbilekoak eta erraz idatziak, hori irakurtzen zuten, eta geroz eta gehiago (...) elkar ezagutzen baitute jende askok, eta interesa dute».

Etnografia ikertzen

Elizan eta euskalgintzan ez ezik, ikerketan ere aritu da. Ezagutzarik gabe, ekin zion etnografia ikertzeari: «Goizuetako etxeen izenen liburua gogoan». Jakin-nahia piztuta hasi zen eta berriki hilarriei buruzkoa argitaratu du. Hilarriak «kulturaren adierazgarri» dira Apezetxearen ustez: «bizitzako eta heriotzako ohiturak dira (...) sinboloak daude harrietan eta horiek ezagutzea historia da».

Hainbat libururen egilea

Azken urteetan, Etxalarko hainbat jakingarri bildu ditu, argitalpen ezberdinetan. 1999an Etxalarko Usategiak artikulua idatzi zuen Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkariaren 53. zenbakian.

2006an, Etxalar. Bi erreka arteko Andre Maria Eliza liburua argitaratu zuen eta 2009an bi liburu: Etxalarko historiaren zenbait jakingarri (800. urtetik XX. mendera Etxalarko historiaren zati handi bat biltzen duen liburu mamitsua) eta Etxalarko etxeen izenak (Patxi Salaberrirekin elkarlanean). 2016an Teodoro Arburuari buruz idatzitako Etxalarko kronika eta kontakizun zaharrak bildu zituen liburu batean eta 2017an Etxalarko hilarriak izeneko liburu dotorea. «Hainbertze urtetako lanaren ondotik, informazioa jen­dea­­ren eskura utzita gustura» agertu zen Pello Apezetxea.

Ikusi hemen Pello Apezetxeak TTIPI-TTAPAn idatzitako artikulu batzuk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun