Azaroaren 26an Euskaltzaindiak Gasteizen egin zuen osoko bilkuran, ohorezko euskaltzain berriak izendatu zituen. Orotara, 11 ohorezko euskaltzain berri izanen ditu Akademiak hemendik aurrera. Hamaika lagun horien artean, Pello Apezetxea Zubiri Etxalarko apaiza eta TTIPI-TTAPA Fundazioko presidentea dago.
Euskaltzaindiko Araudiaren 39. artikuluak esaten duen legez, Euskaltzain ohorezkoen mailan sartuko dira Euskaltzaindiaren ustetan euskarari mesede bikainak egindako lagunak. Izendatuak izateko, idatzizko proposamena behar da, nahiz Zuzendaritzak nahiz bi euskaltzain osok egina, eta batzarra berak onartzea.
Pello Apezetxea Zubiri Goizuetan sortu zen 1932ko ekainaren 24an. Giza Zientziak, Filosofia eta Teologia ikasketak burutu zituen, Iruñeko Apaizgaitegian. 1955an apaiztu zen eta gero, Elizbarrutiko Presbiterio Kontseiluko kidea izan zen eta Bortzirietako Artzapeza. Gaur egun, Etxalarko parrokian erretorea da. ttipi-ttapa aldizkarian, Etxalarko berri emailea izan da. Gaur egun, TTIPI-TTAPA Fundazioko presidentea da. Bertzalde, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sortzaileetakoa da, Mankomunitate horretako Aholkulari batzordekidea eta baita Etxalarko Euskara Batzordekidea ere.