Zerk motibatu zaitu liburu hauek idaztera?
Hasieran jakin nahia zen, lehen nola zen, zer gertatu zen jakiteko gogoa. Betidanik interesatu zait eta bertze helbururik gabe, datuak koaderno batean biltzen nituen. Azkeneko urteetan, ordea, zahartzen ari nintzela eta datu horiek zokoan gelditu eta egunen batean norbaitek botako zituela-eta, eskura nuena jendeari eman behar niola pentsatu nuen. Eta horrek motibatu nau.
Bilketa lan handia egin duzu…
Bai, handi bai. Aunitzetan artxibora joan eta hiru ordu pasatu eta koaderonan lau lerro bertzerik ez idatzita. Parrokiako liburuak eta batez ere, Herriko Etxekoak erabili ditut. Duela urte batzuk sute bat izan zen, ez handia, baina liburuak eta paperak galdu izanen zirela pentsatzen dut.
Historiaren parte bat galdua al dugu?
Bai. Nahiz eta liburu hauek bukatu, lehenagoko urteetako materiala balego, segituko nuke. Dakigunez, herria XI-XII.mendean eraiki zen baina orain VIII.ean izan zela dioten datuak aurkitu ditut. Auñamendiko entziklopedian 820 eta 1140ko bi batailetan Etxalar deitura ageri da. 820an, bataila batean, Erregearekin aritua Etxalar deitura ageri da, Gaztelu etxekoa. 1140 inguruan, Atapuertan, Burgosen, bataila batean Gaztelu etxekoek parte hartu zutela ere ageri da. Horrez gain, bertze agiri batek VIII. mendean Bortziriak bazirela dio. Honek badu nolabaiteko argudioa, herria mugan baitago. Mugak defenditu egiten ziren, eta defendatzeko herriak sortzen ziren. Gainera, 1200etik goiti Gaztelak Gipuzkoa hartu zuenean, Gipuzkoatik ere etortzen zen jendea. VIII. mendekoa izan daiteke herria, baina gauza sueltoak dira.
Liburu hauetan zer aurkituko du irakurleak?
Etxeen izenen liburuan, izenburuak berak adierazten du zer den. Etxeen izenak ageri dira, eta toki eta etxe izenak galtzeko arrisku handia dugun honetan, izenaren balioa zeinen garrantzitsua den nabarmendu nahi izan dut. Historia bat badago, eta orain garenaren parte bat oraingoa bada ere, neurri batean, lehendik etorritakoak ere egin gaitu gu, eta guk eginen duguna izanen da gerokoa. Alde horretatik izenak mantentzea garrantzitsua da. Karrikan desagertu dira batez ere etxeak, 20 bat edo. Eta bigarren liburuarekin berdin. Herrian zer gertatu zen, nola bizi ziren, zer jaten zuten, eskola, osasungintzari buruz... Horiek denek nola funtzionatzen zuten ikustea garrantzitsua da. Gure lehenagokoa ezagutuz, gu eta gure gaurkoa ezagutzea.
Aunitz aldatzen da idatzitako izenetik ahozko erabilerara?
Bai, ez beti, baina aunitzetan bai. Zamargilleneko borda etxea badago, eta gaur jendeari galdetuta jendeak ez daki zer den. Gaur egun, Xamarko baita. Hizkuntza gauza bizia da, jendeak egiten du. Jendea bizia da, hizkuntza erabili egiten du eta aldatu egiten da. Bertze adibide bat: Iriondoko borda badago, eta batzuei galdetuz Iriondokorda erranen digute. Baina auzokoek gehiago erabiltzen dute izena eta gehiago laburtzen dute: Iriondokorda, eta hurbilekoak Indokorda erranen du.
Bizimodua aunitz aldatu da mendez mende?
Ez dago informazio gehiegirik eta dagoena eskasa da. Gehien aldatu dena populazioa izan da. Duela 400 urte gaur hainbat bazen, baina gero handitzen joan zen eta XIX.mendearen erdi aldera gaina jo zuen (1.849 biztanle). Gero beheiti hasi zen, beheiti joan da eta azken 10-15 urteotan geldirik dago. Hori Elizan ere ikusten da, ttiki gelditu eta handitu egin behar izan baitzuten. XIII.mendekoa da, baina XVII. mendeko dokumentuetan ageri denez, handitu egin zuten jendea ez zelako kabitzen, eta XVIII.ean berriz. Burdinolen garrantzia ere aipatuko nuke. XIX.mendean indarra galtzen hasi ziren baina 1820ko txosten baten arabera, jendearen erdia burdinoletatik bizi zen.
Eta gerrak zer?
XIX. mendeko gerrak batez ere, izugarrizko sufrikarioaren iturriak izan ziren Etxalarrentzat. Napoleonekin sartu zirenean, orduan etorri ziren negarrak, malkoak eta oihuak. Gero bi karlistaldiak etorri ziren eta herri hauek ikaragarri sufritu zuten. Beti laguntza eman behar izaten baitzuten. Mende hura gogorra izan zen, beharbada, gogorrena. Bertze aldaketa batzuk ere etorri ziren XIX.mendean: eskola, argia, trena, bide berriak (orain herritik ateratzeko dagoena eta Sararako bidea), burdinolen itxiera eta horren ondorioz, emigrazioa... Agian 300 izanen ziren kanpora joan zirenak eta hori horrelako herri batentzat…
Kontrabandoa garrantzitsua izan zen?
Bai, hagitz. Kontrabandoa goiz aipatzen da. Agirietan ageri denez, mende batetik bertzera, mugan jende gehiago izaten zen, eta horrek mugimendua bazela erran nahi du. XIX.mendean ere behar luke baina informazio gutti dago. Gauza hauek gordeka egiten baitziren…
Lehengoari buruz hainbertze dokumentazio bildu ondotik, zer diozu gaur egungo bizimoduari buruz?
Jendearen bizimodua aunitz aldatu da. Gure denboran ere ezagutu dugu hori. Mende horietan, behin baino gehiagotan aipatzen da iturriak bazirela, baina batzuetan trabatu eta itxi egiten ziren eta ura izateko ordubeteko bidea egin behar izaten zuten ura eske. Eta batzuetan errekatik ere hartzen zuten, nahiz eta garbia ez izan. Hortaz aparte, karrikak ez zeuden ongi. Paretarik ez, eta jendea errekara erori eta hil izan da. Bertzalde, XVIII. Mendearen azken aldera, eta XIX. hasieran, jendea odol garbikoa ote zen begira aritzen zirela ere ageri da aktetan. Herriko jendea maila diferentetakoa zen eta hainbat sailkapen egiten ziren. Hiru taldetan banatzen ziren herritarrak: bezinoak (etxeen jabeak, emakume zein gizon eta batzarkideak), bizilagunak edo biztanleak eta kanpotik etorriak eta hemen bizi zirenak zeuden. Bertze sailkapen bat ere bazen: osasungintza eta botika ordaintzeko gai zirenak, langileak eta soldata juxtuan ibiltzen zirenak bertzetik, eta ordaindu ezin zutenak azkenik. Hauei Udalak ordaintzen zien.
Gustura egin duzun lanarekin?
Bai, betidanik gustatu izan zait jakitea eta orain gustura nago informazioa jendearen eskura dagoelako. Egindakoa hor dago eta horrek ordaintzen nau.