Etxalarko hilarriei buruzko liburua argitaratu du Pello Apezetxeak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 11a, 10:01
Pello Apezetxea, argitaratu dituen bere azken bi liburuekin.

Joandakoen oroigarriak; Etxalarko hilarriak izenburupean hainbat jakingarri bildu ditu Etxalarko apezak 

Urte berrian ere liburu berria besazpian hartuta heldu zaigu Pello Apezetxea Zubiri, Etxalarko erretorea. Joandakoen oroigarriak; Etxalarko hilarriak izenburupean,  hildakoak gogoratzeko Euskal Herrian eta Etxalarren bereziki erabili diren trikuharri, harrespil eta, Etxalarko eliza inguruan hain dotore ageri diren hilarrien inguruko liburua idatzi eta argitara eman du.

Pello Apezetxea Zubiri Goizuetan jaio zen 1932ko ekainaren 24an. Apeza eta idazlea, Ttipi-Ttapa Fundazioaren burua da eta Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2004ko azaroaren 26an. Azken urteetan, Etxalarko hainbat jakingarri bildu ditu, argitalpen ezberdinetan. 1999an Etxalarko Usategiak artikulua idatzi zuen Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkariaren 53. zenbakian. 2006an, Etxalar. Bi erreka arteko Andre Maria Eliza liburua argitaratu zuen eta 2009an bi liburu: Etxalarko historiaren zenbait jakingarri eta Etxalarko etxeen izenak (elkarlanean). 2016an Teodoro Arburuak idatzitako Etxalarko kronika eta kontakizun zaharrak bildu zituen liburu batean eta orain Etxalarko hilarriak ditu hizpide.

Pello Apezetxeak aipatu digunez, «joan direnez oroitzea aspaldiko eta hagitz zabaldutako ohitura da mundu osoan, eta oroitze horren zenbait seinale mantentzea ere bai. Horrela, gure aitzinekoak gogoratzean, gure historia dakarkigu gogora, haiek izan eta egindakoa baita gure izaeraren zatia. Hilarriek ere ikusarazten ahal digute horren zerbait, eta badute horregatik garrantzia». Eta horiek ongi zaintzen saiatzea ere merezi duela uste du Apezetxeak. Zaintze horretan lehen urratsa ezagutzea da eta horretarako dator liburu hau. Izan ere, gaur egungo Euskal Herriko 5.000 hilarrietatik %65 Iparraldeko herrietan dira, hiru mila baino gehiago, 1.200 Nafarroan eta 500 Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba hiru herrialdeen artean, museoetan batez ere hondarreko hauek. Etxalarren, aldiz, eliz atari dotorean eta hilerrian ikus daitezke 100 hilarri inguru. Vidal Perez de Villarreal ikerlearen arabera, Nafarroan Etxalarrek du hilarri kopuru handiena.

Hilarri zaharrenak, gehienetan, datarik gabe agertzen dira. Etxalarkoetan, XVIII. mendeko zazpik dute, 1728ko batek eta 1729ko seik. Hilarri gehienak ustekabean berreskuratzeko aukera izan zuten Etxalarren: «1987an biltegiko zolan egindako lan batzuek, lehen kanpoan egondako 75 harri ikusi eta eskuratzeko aukera eman baitzuten, eta gaur egun lorategian dauden bezala paratzea, herritar eta kanpotar aunitzen gozamenerako». Hilarriak katalogatu ez ezik, Etxalarko mendietan dauden trikuharri eta harrespilak ere aztertzen ditu Pello Apezetxeak bere lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun