Foruzainek marihuana laborategi bat desegin dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 27a, 12:15

Miaketa egiterakoan 40 kilo marihuana, 1.500 gramo haxix eta legez kanpoko armak konfiskatu dituzte.

Foruzaingoaren operazioa berriki egindako errepideko kontrol batean hasi zen. Prentsara igorritako oharrean zehazten denez, patruila batek auto bat gelditu zuen NA-4400 errepidean.  Barnean bi gizon, gidaria (frantziarra eta 50 urtekoa) eta kopilotua (Etxalarko bizilaguna 30 urtekoa). Foruzainek marihuana-usain handia sumatu zuten ibilgailuan. Hori dela eta, gidariari drogak detektatzeko proba egin zioten. Proba horrek positibo eman zuen kalamuan.
 
Autoa erregistratzean, gidariaren eserlekuaren azpian, 35 cm-ko ehizako nabala handi bat aurkitu zuten eta atzeko eserlekuan, berriz, beroki bat sei marihuana-poltsekin (201 gramo) eta lau bilgarri marroi haxixarekin (24 gramo).
 
Aldi berean, bertze patruila bat Etxalarko etxebizitzara joan zen eta etxearen ondoko borda bat alokatuta zutela jakin zuten. Borda hori marihuana hazteko egokituta zutela baieztatu du Foruzaingoak eta barnean bi landaketa aurkitu dituztela, baita droga eskala handian produzitu eta saltzeko beharrezkoak diren tresnak ere: lur-ongarriz betetako zakuak, hainbat neurritako loreontziak, haizagailuak, ur-deposituak, lehorgailu zentrifugagailu bat, potentzia handiko elektrogeno talde bat eta abar.
 
Ibilgailuan konfiskatutako droga eta bordan aurkitutako frogak ikusita, foruzainek gizonezkoa atxilotu zuten droga trafikoko delitu baten ustezko egile gisa, eta Iruñeko Foruzaingoaren bulegoetara eraman zuten ikerketarekin segitzeko.
 
Epailearen baimenarekin, polizia judizialeko agenteek 40 kilo marihuana, 705 gramo haxix, 475 gramo haxix-polen, 300 gramo haxix-erretxina, balantza bat eta 22 kalibreko errifle bat konfiskatu zituzten borda horren barnean. Prentsa oharrak dioenez, atxilotuak ez du lizentziarik, ezta arma-gidarik ere.
 
Foruzaingoak zehazten duenez, «bordak arras instalazio elektriko indartsua du, hala nola bero-lanparak, marihuana lehortzeko eta polena ateratzeko gailuak, haizagailuak… Gela batean bakarrik 300 marihuana-landare hazten ziren».
 

Konfiskatuta kaxixa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!