Duela 32 urte hasi zen dena, 1989ko otsailean, hainbat gaztek derrigorrezko soldaduskari ezetz erran ziotenean. Gutti batzuk hasi zuten intsumisioaren bidea, baina agudo zabaldu zen bazter guztietara, baita gizartean babes zabala jaso ere. Hego Euskal Herrian 10.000 bat gazte egin ziren intsumiso, tartean beraien esperientzia TTPI-TTAPAri kontatu dioten Mikel Altzuart, Imanol Iturria, Oskar Astibia, Xabi Ospital, Ramon Telletxea, Patxi Urroz, Aitor Ruiz de Larrinaga eta German Arburua.
12 urte beranduago, 2001eko abenduaren 31n, Espainiako Gobernuak derrigorrezko soldaduska kendu zuen. Jose Maria Aznar presidente zela, armada profesionalizatzea erabaki zuten. Baina hori baino lehen sortutako mugimendua handia izan zen, «garrantzitsua» Edurne Elizondo Mitxelenaren (Bera, 1972) hitzetan. Horren lekuko da Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian bere liburua (Gatuzain-Txalaparta).
Gatuzain argitaletxetik hartu zuen liburua idazteko proposamena kazetariak. Kontatu digunez, «borroka haren bidea ezagutarazteko intsumiso talde baten aspaldiko nahia zen». Hortik abiatuta, 40 elkarrizketa baino gehiago egin zituen, intsumisoei, senideei, eta orduko epaileei eta abokatuei. Lan haren emaitza izan zen liburua.
«Intsumisioaren mugimenduaren aniztasunak harritu ninduen».
Edurne ELIZONDO, Berako kazetaria
Hamar urte pasatu dira geroztik, baina gogoan du intsumisioaren mugimenduaren aniztasunak «harritu» zuela. «Kanpotik mugimendu bateratua zela uste nuen, baina elkarrizketak egiterakoan, hainbat iritzi eta talde zeudela konturatu nintzen, aunitzetan kontrako estrategiekin, eta 20 urteren buruan, taldeen arteko aniztasunak irauten zuela ikusi nuen». Halere, «horren gainetik, bat egin eta elkarrekin aitzinera egin zuten. Batasun horri esker lortu zuten lortu zutena».
Argazkian, Xabi Ospital erratzuarraren atxiloketa salatzeko Erratzun 1996an egin zen manifestazioa ageri da.
Gizartearen babesa gakoa
Gizartearen babesa nabarmendu du, eta «arrakastaren gakoetako bat» hori izan zela dio, «bertzela, akabo». Babes horren gibelean, batetik, «irudimena» dagoela aipatu du: «Protesta hagitz ikusgarriak egin zituzten eta horrek jendearengan sinpatia piztu eta lagundu zuen». Bertzetik, «soldaduskak familia guztiei eragiten zienez, horrek jendeak mugimenduarekin bat egitea erraztu zuen».
«Gizartearen babesa arrakastaren gakoetako bat izan zen, bertzela akabo».
Edurne ELIZONDO, Berako kazetaria
Hortik haratago, intsumisoen «ausardia eta indarra» azpimarratu ditu: «bidezkoa jotzen ez zuten lege baten kontra borroka azken muturreraino eraman zuten. Aunitzek aunitz zuten jokoan baina legeak ezarritako ondorioak onartu zituzten».
Kartzelak
Nafarroan mugimenduak izandako bilakaera «bitxia» ere hizpide izan du, «epaiketa aunitz izan zirelako eta jende aunitz espetxeratu zutelako. Iruñeko espetxean intsumiso pila elkartu ziren eta horrek bertze dimentsio bat eman zion mugimenduari». Gehiago ere bai: «kartzela borrokarekin segitzeko erabili zuten. Kartzelan batzarrak egiten segitu zuten, eta soldaduskaren aurkako kanpaina indartzeko baliatu zuten».
Eskualdean ere talde antimilitarista izan zen.
Herri ttikiak eta emakumeak
«Herri ttikietan mugimenduarekin zein neurritan bat egin zuten» ere erakutsi nahi izan zuen liburuan, eta hala, «eskualdeko intsumiso batzuen kontakizunak bildu nituen». Oskar Goñi eta Tobi Ruiz beratarrak aipatu ditu eta «pasadizo bitxien berri» izan omen zuen. Adibidez, «Oskar Goñik bidaia bat egitekoa zuela eta, asteburu batean bere partez kartzelara bertze lagun bat joan zen».
Emakume antimilitaristen rola ere aztertu zuen, eta «ikuspuntu kontrajarriak» bildu zituen. «Patricia Moreno abokatuak, erraterako, emakumezkoek ez zutela rol berezirik izan erran zidan, soldaduska gizonek egin behar izateak borrokaren protagonista bilakatu zituela». Elizondok ere «mugimendua gizonezkoek gidatu zutela» uste du, «baina gizartean sortu zen babes sarean emakumezkoek rol garrantzitsua» bete zutela dio. Mabel Cañada ere aipatu du: «bere ustez, emakumezkoek protestetan parte hartuz, mugimenduaren dimentsioa zabaldu zen, ez zelako soldaduskaren aurkako mugimendua bakarrik izan, militarren aurkakoa ere izan zelako».
Garai batean Iruñean San Roke kartzela ezaguna izan zen tokian, gaur egun, Intsumisioaren Parkea dago.
Mugimenduaren arrastoa
Liburua eskuartean, Elizondok «desobedientzia zibilaren bide hark bertze mugimenduetan arrastoa» utzi zuela ondorioztatu du, nahiz eta argitaratu zuenean, «jendeak gaiaren berririk ez zuela ikusteak zer pentsatua» eman zion. Gaur egun egoera bertzelakoa dela dio: «gaia berriz mahai gainean jarri dute eta pozgarria da».
Bertzetik, «armadak segitu izana batzuentzat porrota izan zela» onartu du, eta bere ustez, «lortu zena ez zen behar bezala ospatu». Elizondorentzat, ordea, «ospatzeko modukoa izan zen, eta bada mugimendu hartatik zer ikasi».