GERMAN ARBURUA

«Intsumisioaren mugimenduak gizartearen babes zabala lortu zuen»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 21a, 10:00

German ARBURUA APEZTEGIA, Zugarramurdiko intsumisoa

Soldaduskari ezetz errateko «arrazoi aunitz» bazituela eta «deus onik ikusten ez ziola» ikusita erabaki zuen German Arburua Apeztegiak  (Zugarramurdi, 1972) intsumiso egitea: «Hasteko, ni ez naiz espainola eta ez diot deus zor Espainiari. Ez dut fitsik eginen Espainiaren alde. Eta bertzalde, ez naiz armadaren aldekoa, ez zait ongi iruditzen oraindik ere armada izatea».

Arburua izan zen Zugarramurdiko lehenbiziko intsumisoa eta nahiz eta inguruan «bertzeek bezala egin beharko nuela» erraten zioten eta «etxekoek sekulako beldurra» sentitu zuten, ez zuen zalantzarik izan.

Eskualdeko talde antimilitarista
18-19 urte izanen zituen Ferrolera (Galizia) destinatua izan zela jakin zuzenean: «gidabaimena ateratzen ari nintzen eta ez nekien Ferrol non zegoen ere», dio umoretsu. Hasieratik garbi omen zuen erabakia baina «data ailegatu baino aste bat lehenago egin nintzen intsumiso». Iruñeko Kakitzat koordinadorara jotzea erabaki zuen eta horrez gain, «Zugarramurdi eta Baztan-Bidasoaldean talde antimilitarista sortu» zutela kontatu digu. Orduko oroitzapen onak ditu gordeak Arburuak. Hainbat ekitaldi antolatzen zituztela gogoan du, «hitzaldiak, kontzertuak, otorduak, manifestazioak…», eta «gizartean lortutako babes zabala» azpimarratu du: «haiek bai garaiak, gozamena izan zen»: «hastapenean, jende helduak Gerra Zibilaren ondorioz beldurra sartua zuela sumatzen zen, baina gero ainitz zabaldu zen mugimendua. Lehenbizian ile luzeak, porreroak eta alferrak izan ziren, baina gero denengana zabaldu zen mugimendua. Arrunt zabala izan zen, eta bereziki Nafarroan sortu zena. Eskualdean ere bazen mugimendua». 

Arburuak ez zuen espetxetik pasatu behar izan, «nire garaian, epaiketa militarra egin ziguten eta kartzelan sartu ez nintzen guti haietakoa izan nintzen».

«Nire helburua armadarik gabeko Euskal Herri librean bizitzea da».

German ARBURUA, Zugarramurdiko intsumisoa

Bere ustez, intsumisoaren mugimenduari esker eta «gizartea mugitu» zelako «soldaduska derrigorrezkoa ez izatea» lortu zen. Baina bere irudiko, «borroka oraindik ez da finitua. Nire helburua armadarik gabeko Euskal Herri librean bizitzea da. Hori argi eta garbi dut». Hori lortzeko bidea «borroka» dela uste du zugarramurdiarrak: «gauzak borrokaren bitartez lortzen dira, ez etxean geldituta». Horren harira gaur egungo gazteei ere luzatu nahi izan die mezua: «gaurko gazteria, nire inguruko gazteria behinik behin, arront lo dagoela iruditzen zait edo  ez dakit ni naizen lokartua dagoena. Baina orduan beti kanpoan ibiltzen ginen, beti zerbait egiten». Eta hala izatea nahi luke orain ere, Arburuarendako «beti» badelako «zerbait borrokatzeko»; «hori baita helburuak lortzeko bidea».

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun