IMANOL ITURRIA

«Herri identitate indartsua genuen eta soldaduska ez egiteko arrazoiak sobran»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 20a, 08:00

Imanol ITURRIA ALMANDOZ, Arantzako intsumisoa

Soldaduska egiteko deialdia ailegatu zitzaionerako «erabakia nahiko garbi» zuela kontatu digu Imanol Iturria Almandozek (Arantza, 1974). Eta intsumisoaren mugimenduarekin bat egin zuen, hori egiteko «arrazoiak sobran» zeudela sinetsita: «harrotasun eta herri identitate potente bat genuen eta zerbitzu militarra horren aurkakoa zen eta da».

1997an ailegatu zitzaion Iturriari bere txanda. Ordurako, ordea, «borroka irabazia» zegoela iruditzen zaio, «hala sentitzen genuen. Gaur egun ez nintzateke hain seguru egonen, baina garai hartan karrikak indarra zuen eta borroka batzuk irabaz zitezkeen, eta horrela gertatu zen soldaduskarekin».

«Kartzelatik libratu nintzen, ez zituztelakoz espetxeak gaztez bete nahi».

Imanol ITURRIA, Arantzako intsumisoa

Soldaduskari planto egin ondotik, sorterrian atzeman zuten Etxalarko kuarteleko guardia zibilek. Baina ez zuten espetxean sartu. «Hasiera batean bi urte, lau hilabete eta egun bateko kartzela zigorra paratu zidaten, baina gero sei hilabetera jaitsi zuten». Hala, kartzelatik libratu zen, bere ustez, «ez zituztelakoz espetxeak gaztez bete nahi, horrek gizartearen aitzinean legitimitatea kenduko zielako».

Iturriak ere erakunde antimilitaristetan bilatu zuen babesa, bere kasuan, Kakitzat taldean: «laguntza hori garrantzitsua izan zen, ezagutzen ez genuen legeen mundu batean sartzera gindoazelako. Bai hasieran, bai atxilotu ondotik, zer eta norengana jo jakitea garrantzitsua izan zen, babesa sentitzen zenuen».

«Jendeak garbi ikusi zuen ez zegoela soldaduskara joan beharrik gizontzeko».

Imanol ITURRIA, Arantzako intsumisoa

Borroka karrikan
Orduko borrokaz ere mintzatu da aranztarra eta oroitzapen onak gordeak ditu aranztarrak: «borroka karrikan zegoen, kontzertuetan, bestetan, manifetan, norberaren kontzientzian… Hori zen borroka». Gizartean sumatutako giroaz ere aritu da: «gizarteak ongi ulertu zuen erabakia. Hasieratik ez, noski, baina jendeak garbi ikusi zuen ez zegoela soldaduskara joan beharrik gizontzeko», dio umoretsu.

Berak garbi du «lortutakoa sekulakoa» izan zela, «armadari uko eginez hori zerbitzatzeko derrigortasuna kendu zuten. Gero profesionalizatu zuten, baina egoera gehiago zabaldu aitzinetik hartutako neurria izan zen, ez nahi izan zutelako». Lortutakoa «garaipen bat» izan zela uste du, baina nabarmendu du «azken garaipena» falta dela: «armada ez dugu presentzialki zerbitzatzen, baina gure sakelatik ordaintzen ari garen etsaiaren armada hor dugu».

Urteak pasatu dira mugimendu indartsu hartatik, Iturriak eta bertze gazte aunitzek Espainiako armadara joateko erabakiari uko egin ziotenetik, eta urteekin «gauzak atzendu egiten direla» aipatu digu. Horregatik «tontakeria aunitz dagoen garai hauetan, holako lanak interesgarriak» direla azaldu du. Gehiago ere bai: «Gazteak helduak bezain galduta ikusten ditut, baina etorkizuna beraiena da eta jakinen dute zer egin!».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun