PATXI URROZ

«Egunero daude intsumiso izateko aukerak»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 21a, 11:00

Patxi Urroz Iruñeko Intsumisoaren Parkean.

Patxi URROZ TELLETXEA, Urrozko intsumisioa

Patxi Urroz Telletxearen (Urroz, 1973) ustez, «intsumisioa zapaldua izateari kontra egitea da eta egunero daude intsumiso izateko aukerak». Horixe izan zen berak hartu zuen bidea soldaduska egiteko deia jaso zuenean: «1992an soldaduskara joateko deitu zidaten. Ordurako mugimendu antimilitarista indartsu zegoen eta bertze gazte aunitzek bezala, nik ere bide hori hartu nuen».

Alde batetik, «antimilitarista» delako eta bertzetik «euskal herritarra» sentitzen delako erabaki zuen Urrozek «Espainiako armadan parte hartzeari uko egitea».

Soldaduskari eta ordezko zerbitzuari ezetz erran ondotik, handik urtebetera epaitu zuten Iruñean. Eta ohi bezala, bi urte, lau hilabete eta egun bateko kartzela zigorra paratu zioten. «1994ko urrian sartu ninduten Iruñeko kartzelan. Lehenbiziko, hamar bat egun, bigarren graduan pasatu nituen eta gero hirugarren graduan egon nintzen 1995eko abendura arte». Ez du orduko oroitzapen onik urroztarrak, espetxean pasatutako denbora «hagitz gogorra» izan zela aitortu baitu: «nahiz eta egunez kanpora atera, guardia zibilek ia egunero gelditzen zidaten, errepidean ez bazen karrikan».

«18-20 urteko haur batzuk ginen eta estatu oso bat hankaz goiti jarri genuen».

Patxi URROZ, Urrozko intsumisoa

Ez du atzendua intsumisioaren bueltan «Nafarroa mailan sortu zen mugimendu indartsua». Bere irudiko, «hagitz ongi antolatua» izan zen eta «babes handia» jaso zuen. «18-20 bat urteko haur batzuk ginen, eta estatu oso bat hankaz goiti jarri genuen. Hura kristorena izan zen». Gaineratu digunez, «helburu berdinarekin talde bat baino gehiago sortu ziren». Bere kasuan, «Zugarramurdi eta Baztan-Bidasoko talde antimilitaristan» parte hartu zuen: «intsumisioaren alde eta armadek egiten dituzten sarraskien kontra zenbait ekintza antolatu genituen. Gainera Europan garai haietan gerra bat genuen, Balkanetan».

«Gobernua saiatu zen intsumisoak kriminalizatzen, baina ez zuen deus ere lortu».

Patxi URROZ, Urrozko intsumisoa

Argi du «borroka baketsua» izan zela, eta «herriaren babesarekin helburuak lortzeko bide bat zabaldu zuela» dio. «Gobernua saiatu zen intsumisoak kriminalizatzen, legeak ere gogortu zituen, baina ez zuten deus lortu».

Borroka «baketsua» izateaz gain, «zabala» izan zela ere nabarmendu du: «klase guztietako jendea elkartu ginen. Maiz egiten ziren asanbleak eta denen iritzia kontuan hartzen zen. Han ez zuen inork bertzeak baino gehiago agintzen, eta beti akordio batera ailegatzen ginen».

Mugimendu horretatik aparte, inguruan «aldeko eta kontrako» jendea sumatu zuen. «Aunitzengandik babes handia hartu nuen. Epaiketa egunean eta espetxeratu nindutenean ez ninduten bakarrik utzi, eta hori ez da atzentzen». Ez zen, ordea, dena aldekoa izan: «bertze batzuek ez zuten gure borroka onartzen eta min egiten saiatzen ziren, baita lortu ere». Kontuak kontu, «denborak arrazoia eman digula» sinetsita dago urroztarra: «orain ez dut bere semea armadara bidali nahi duen gurasorik ezagutzen».

Espainiako Gobernuak 2001ean erabaki zuen armada profesionalizatzea, eta derrigorrezko soldaduska alde batera uztea. Urrozen ustez, «intsumisioaren mugimenduak lortutako garaipen bat izan zen. Zenbat eta neurri gogorragoak hartu, orduan eta erantzun sendoagoa izan zuten. Gero eta intsumiso gehiago zeuden, aunitzek planto egin zioten hirugarren graduari eta kartzelak bete egin ziren. Hori ez zen estatu batek ematen ahal zuen irudia». Hala ere, «militarismoari dagokionez, oraindik egiteko aunitz» dagoela nabarmendu du.

«Ezinezkoa dela pentsatzen dutenek ez liokete saiatzen ari denari trabarik egin behar».

Patxi URROZ, Urrozko intsumisoa

Gainerakoan, soldaduskari intsumisio egitea «garai bateko erronka» izan zelakoan dago urroztarra: «garai bakoitzak bere erronkak izaten ditu, gurea hura izan zen». Alde horretatik, «belaunaldi berriek soldaduskari intsumiso egitea zer den ez dutela jakinen pentsatzen dut». Baina «gaur egun ere aldatu beharrako gauza aunitz» ikusten ditu eta «intsumisioa zapaldua izateari kontra egitea dela» kontuan hartuz, «egunero intsumiso izateko aukera badaudela» adierazi du. Hori bai, argi utzi nahi izan du «borrokak ez direla gazteen kontuak bakarrik, gazteek zaharragoengandik ikasten baitute». Eta horrekin batera, «berriki lagun batek bidali didan esaldia» aipatu nahi izan du, Thomas Alva Edison asmatzailearena: «ezinezkoa dela pentsatzen dutenek ez liokete saiatzen ari denari trabarik egin behar».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun