Mikel Altzuart

«Derrigorrezko soldaduska intsumisioaren ondorioz bakarrik desagertu zela erratea ez da zuzena»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 20a, 09:00

Mikel ALTZUART ZALDAIN, Arizkungo intsumisoa

Intsumisioa egiteko erabakia ez zuen «berehalakoan» hartu Mikel Altzuart Zaldainek (Arizkun, 1971). «Garai hartan Jarrai gazte erakundean militatzen nuen eta objektoreak hasi zirenean, guk ‘soldaduska honi ez’ aldarrikatzen genuen». Gerora, ordea, «pausoak ematen hasi ginen, intsumisioaren mugimenduarekin bat egin genuen eta erabakia norberaren esku gelditu zen».

Altzuarten kasuan, ikasten ari zelako «luzapen bat edo bi»  izan zituela aitortu digu, baina beranduago izanagatik, ez zen libratu eta «soldaduska egiteko notifikazioak eta kartak ailegatu zitzaizkidan».

«Epaileari bertsotan erantzun nion eta hura katxondeo hutsa izan zen».

Mikel ALTZUART, Arizkungo intsumisoa

24-25 bat urte zituela epaitegira aurkeztu behar izan zuen. Hura, ordea, «katxondeo hutsa» izan omen zen. «Epaileari bertsotan erantzunen niola erran nion eta hala egin nuen. Itzultzailea ez zen sobera abila, jendeak publikotik zuzentzen zion…». Umoretsu oroitzen du epaiketa eguna. Gainera, «epaiketa egin aitzinetik bagenekien zein izanen zen epaia: bi urte, lau hilabete eta egun bat».

Eta hala izan zen. Baina kartzelan bere kabuz aurkezteko deialdiari «ez nion kasurik egin», eta atxilotzeko agindu zuen epaileak. «Lehenik baserrira etorri ziren nire bila, baina amak etxean ez nengoela erran ondotik, alde egin zuten». Iruritan atxilotu zuten, «Xabier Lertxundirekin bere etxeko atarian solasean ari nintzela». Guardia zibilek Elizondoko kuartelera eraman zuten, eta «kapitainak atxilotzea ez zela bere gustuko lana erran zidan. Nabari zen ordurako jendartean mugimendu honekiko enpatia bazela, eta guardia zibilek bazekiten». Iruñera eraman zuten gero, eta eguna «gerora deseraiki zuten Iruñeko kartzela historikoan, San Roken» akitu zuen.

Bigarren graduan lau egun eta hirugarrenean 14 hilabete egin zituen Altzuartek eta orduko anekdota aunitz ditu gogoan. «Apetitu onekoa naiz eta barrenean egin nituen lau egunetan, nirea eta jatekoarekin kexu ziren presoena ere jan nuen, baita sukaldean lan egiten zuen ttikitako lagun batek emandakoa ere. Kartzela erakutsi zidan eta bakoitza espetxean zergatik zegoen kontatu ere bai: drogen mundukoak ziren batzuk, emaztea 27 labankadaz hil zuena bertzea, tiroketetan ibilitakoak…».

«Kartzelan gauez batzarrak egiten genituen eta tarteka ospakizunak ere bai».

Mikel ALTZUART, Arizkungo intsumisoa

Oroitzapenak
Hirugarren graduan ibili zeneko oroitzapenak ere ez zaizkio falta, eta horien artean, «gauez egiten genituen batzarrak, norbaiten urtebetetze eguna ospatzeko egiten genituen ospakizunak…» aipatu ditu. Tarteka «etxeko gasna eta zatoa sartu» izana ere onartu du, baita «behin zatoa harrapatu eta zigor gisa asteburua kartzelan pasatu» behar izan zuela ere. Gehiago ere baditu: «gau osoa leihotik guardia zibilei irainka pasatzen zutenak izaten ziren, eta hori saihesteko leihoak ladrilloekin itxi zituzten». Neurri horri «maza desmuntagarri bat sartu eta ladrilloak hautsiz» erantzun zioten. «Horretan harrapatu eta bakarren bat bigarren gradura pasatu zuten hutsegite larria egiteagatik».

Espetxe barnean
Mugimendu handiko urteak izan ziren, espetxe barnean zein kanpoan. Altzuarten denboran, adibidez, San Roke kartzelan, «140-150  bat intsumiso elkartu ginen, batzuk intsumiso abertzaleak, bertzeak abertzaleak izan gabe intsumiso ideologikoak, bakearen aldekoak edo armadaren kontrakoak, eta bertzela ere kartzelan egonen zen jendea ere bazen». Gauez «txetxenoen kalabozoan lo egitea» tokatu zitzaiola ere kontatu digu: «horiekin ez zuen inork irauten, jaleoan aritzen ziren, baina ni errespetatu ninduten eta hasieratik bukaera arte beraiekin iraun nuen».  Hori egiteko sekretua «beldurrik ez izatea» da arizkundarraren irudiko: «pertsonak beldurrik ez badu errespetua irabazten du. Hori da gaur egun lortzen ez duguna».

«Pertsonak beldurrik ez badu errespetua irabazten du. Hori da gaur egun lortzen ez duguna».

Mikel ALTZUART, Arizkungo intsumisoa

14 hilabeteko harat-honatek «nekea» sortu ziotela ere aitortu digu: «egun guzia lanean pasatzen nuen, gero baserriko lanak egitera joaten nintzen, eta gauez, 23:00etatik 06:00etara kartzelan. Asteburuak libre izanagatik nekea metatzen zen, eta pare bat aldiz lokartuta, kotxearekin errepidetik ere atera nintzen».

Eta espetxetik kanpo
Espetxetik kanpo ere mugimendua bazela dio, «gehienbat Iruñean, baina eskualdean ere intsumiso batzuk izan ginen. Bistakoa zen sektore gehienetan mugimendua bazela. Garai hartan inork gutik eginen zuen derrigorrezko soldaduskaren alde. Jendarteak ez zion inongo zentzurik ikusten».

«Heroismo guti»
Bere hitzetan, «gazte aunitz inplikatu ginen mugimendua izan zen, naturaltasun osoz egin genuena. Emaitza, gainera, soldaduska egitea baino hobea zela erran behar da, soldaduskarekin ez dakit nora bidaliko gintuzten, eta kartzela zigorrarekin, neurri batean zure bizitza egiten ahal zenuen, lo egitera kartzelara joanez». Horregatik «heroismo guti», Altzuarten irudiko.

Intsumisioaren mugimenduak «bazetorrena aitzinatu zuela» uste du: «derrigorrezko soldaduska intsumisioaren ondorioz bakarrik desagertu zela erratea ez da zuzena». Beretako erabaki horren gibelean «faktore aunitz» daude, eta horren adibide, «armadetan teknologiak izandako garapena» eta «abertzaletasunaren galera» aipatu ditu. «Gaur egun armadak ez ditu soldaduak behar, erabiltzen duen teknologia nahikoa du kalte egiteko; sateliteak, droneak, misilak… ». Abertzaletasunaren harira, berriz, honela mintzatu da: «espainiarrak baino lehenagotik europarrak gara eta munduaren garapen politiko horretan ez da halako abertzaletasun hori behar». Garbi du: «armadaren indarra hain da handia, ez baitakigu noraino ailegatzen ahal den. Eta hori ez dugu ikusten edo ez dugu ikusi nahi». Diru publikotik armadara bideratzen dena ere izan du hizpide: «osasun mailan edo aunitz mailetan baino aise aurrekontu handiagoa dute armadek teknologiarako». Ez hori bakarrik: «azken 50 urteotan ikaragarria izan da teknologian aitzinatu dena, eta zer kasualitatea, osasunean ez da deus ere aitzinatu».

«Guk momentuan iruditu zitzaigun hobekien jokatu genuen».

Mikel ALTZUART, Arizkungo intsumisoa

Gaur egungo gazteei begira, bere ustez, «ez gaude inori lezioak emateko»: «Ez naiz lehenagoko zaharrak bezala, ja ez direla erraten hasiko. Guk momentuan iruditu zitzaigun hobekien jokatu genuen, eskura genituen tresnekin. Ilusio handia eta beldur guti genuen. Ez dut erranen garai haiek oraingoak baino zailagoak zirenik. Baina bistakoa da oraingoak arras zailak direla, eta egungo egoera hau denbora luzez iraunarazten badute, gazteek sufrituko dute».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun