Anaiek errandakoak barneratuak zituela eta intsumisioaren mugimendua indarra hartzen ari zenean jaso zuen Ospitalek gutuna, «1995ean, 18-19 urte nituela». Aizoaingo kuartela egokitu zitzaion berari ere, baina «ordurako nahiko garbi nuen eta informazioa biltzen hasia nintzen. Iruñera joan eta Kakitzat erakunde antimilitaristarekin harremanetan jarri nintzen».
«Nire kasua berezia izan zen, ohi baino gehiago luzatu zelako».
Xabi OSPITAL, Erratzuko intsumisoa
Erakundea arduratu zen Ospitalen soldaduska ez egiteko erabakia armadari jakinarazteaz. Ondoko hilabeteak, ordea, ez ziren ohikoak izan: «nire kasua berezia izan zen, ohi baino gehiago luzatu zelako. Soldaduska egiteko data pasatua nuen eta ez ziren nire bila etorri». Baina etorri ziren, erratzuarrak dioenez, «espero ez nuen egun batean». Ongi aski oroitzen da egunaz, baita tokiaz ere: «1996ko urriaren 18an izan zen, ostirala zen, eta orduan genuen ostatu-dendan etxekoei laguntzen ari nintzen». Elizondoko kuartelera eraman zuten lehenbizi: «ordu pare batez han atxiki ninduten». Gogoan du «herriko lagun pare bat kuarteleko atean protestan aritu zirela», baina «ez zietela ni ikusten utzi». Gero Iruñera eraman zuten: «tratuan aldea nabaritu nuen. Iruñetik etorri zirenek zakar tratatu ninduten, eskuburdinak estu-estu paratu zizkidaten eta tratua aunitzez ere bortitzagoa izan zen. Ordurako Iruñean intsumisioaren mugimendua indartzen ari zen eta…». Iruñeko kuartelean «lau ordu» pasatu ondotik, «San Roke kartzelara ailegatu nintzen».
Orduko irudia ere oroimenean ongi iltzatua du: «baldosaz betetako gela zuri-zuri batean sartu ninduten, deus gabe. Halako batean agertu ziren manta eta kitarekin eta barnera eraman ninduten. Ateak itxi eta ireki, kriski-kraska, zirrara eragin zidan eta irudi hori hor geldituko zait».
Zigorra aukeran
Kode penalaren erreformak bete-betean harrapatu zuen Ospital eta zigorra aukeran utzi zioten. «Kode penala erreformatu zuten garaia zen eta aski ponpoxo erran zuten erreforma horrekin intsumisoak ez zirela gehiago kartzelara joanen. Titularra ongi gelditu zitzaien, baina zigorra ilunagoa izan zen, pozoitutako goxoki bat bailitzan, bertzeak bertze, autoko gidabaimena ateratzeko aukera gibelatzea eta administrazioan lan egiteko debekua ezartzea pentsatzen ari zirelako».
Ospitalen kasuan, horixe izan omen zen epaiketako lehendabiziko galdera: «’Zein kode penalarekin epaitzea nahi duzu?’ galdetu zidaten. Lehendik gaia abokatuarekin landua genuen, eta nik, euskaraz, kode penal zaharrarekin nahi nuela erran nuen. Horrekin espetxera bidaliko nindutela jakin arren, banekien guti goiti-beheiti zer etorriko zitzaidan, zikloa akituta libre geldituko nintzela. Aste batetik hilabete batera barrenean egon, gero hirugarren gradura aldatu eta joan-etorrian ibili astelehenetik ortzegunera, lo egitera espetxera».
«Kartzela barneko egonaldia potentea izan zen».
Xabi OSPITAL, Erratzuko intsumisoa
Eta halaxe izan zen: «barnean 19 egun egin nituen eta bederatzi hilabetez joan-etorrian ibili nintzen». Barneko egonaldia «potentea» izan zela onartu du, «patioan denekin topatzen ginelako, euskal preso politikoekin eta bertzelako preso guztiekin», baina «banekien fite aterako nintzela eta ez nuen inongo traumarik izan».
Erratzuko manifestaldi jendetsu hura
Jasotako babesa ere ez du atzendua, sorterritik hasita. «Ni atxilotu eta biharamunean manifestaldi bat antolatu zuten Erratzun, jendetsua izan zen, eta horrek indar handia eman zidan. Nik ez dut bertze manifarik ezagutu Erratzun, eta hura polita izan zen». Etxetik kanpo, «intsumisioaren aldeko mugimendu handia» azpimarratzekoa iruditu zaio, «bereziki Nafarroan» sortu zena: «espero ez genituenak ere mugimenduaren alde agertu ziren ».
«Armadak hor segitzen du eta mundu hau oraino militarrek menperatzen dute».
Xabi OSPITAL, Erratzuko intsumisoa
Ospitalek «ziurtzat» jo du «intsumisioaren mugimendu hura izan ez balitz, ez genukeela inposatze harekin apurtu izanen eta akaso oraino armadak derrigorrezkoa izaten segituko lukeela». Hala, «helburu nagusia» lortu zela dio, dena egina ez dagoela uste duen arren: «armadak hor segitzen du eta mundu hau oraino militarrek menperatzen dute. Erregeak armadaren ordezkari gorena izaten segitzen du, diru publikoetatik bizi dira eta hau katxondeo hutsa da». Eta «erne» ibiltzeko mezua ere luzatu du: «duela urte batzuk Frantziako estatuan armadara berriz derrigorrez joateko aukera aztertzen ari zirela aditu nuen. Eta hara! Zeinek erraten du egoera iraultzen saiatuko ez direnik? Bere garaian egoerak gain hartu zielako kendu zuten, ez nahi zutelako».
Badaezpada ere mahai gainean utzi du abisua, baina egindakoari ez dio meriturik kendu nahi izan. Garaipenak «tantaka, aski borrokatuz, lortzen direla» sinetsi dago eta derrigorrezko soldaduska kendu izana «aldarrikatu beharrekoa» eta «kontent egotekoa» dela uste du. «Garai hartan 500 lagun baino gehiago pasatu ginen Iruñeko lehenagoko San Roke espetxetik. Nafarroan halako mugimendua sortu ondotik errepresioa gorenera igo zuten, baina ez zuten geldiaraztea lortu. Alde horretatik, derrigorrezko soldaduska kentzea herritarren garaipen handi bat izan zen».