OSKAR ASTIBIA

«Intsumisioarekin argi eta garbi erakutsi genuen Euskal Herrian ez dugula militarrik nahi»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 20a, 10:00

Oskar ASTIBIA BALEZTENA, Leitzako intsumisioa

Beste gazte askok bezala Oskar Astibia Baleztenak (Leitza, 1972) ere, intsumisioaren mugimenduarekin bat egitea erabaki zuen, «antimilitarista naizelako eta ez nuelako soldaduskara behartuta joan nahi». Adierazi digunez, «soldaduskara joateko eskutitza jaso nuenean uko egin nion» eta horren ondorio auzipetua izan zen.

Uko egiteko erabakiaren ondorioz, bere zigorra jaso zuen Astibiak, baina ez zuen bere horretan onartu nahi izan eta «protestatzeko auzitegiko sarreran eskuak kateatu nituen, herritarren eta lagunen laguntzarekin».

Bi urte, lau hilabete eta egun bateko kartzela zigorra jaso zuen eta kontatu digunez, «15 hilabete pasatu nituen kartzelan: zazpi hilabete hirugarren graduan, zortzi hilabete bigarren graduan eta gainerakoak kalean prebentibo». Baina ez zuen babesik gabe ikusi bere burua: «asko indartzen ari zen mugimendua zen eta ordurako bidea zertxobait leundua zen. Gainera, laguntzeko prest zeuden intsumisioaren aldeko talde asko aurkitu nituen Iruñea aldean».

«Barrote artean eta kalean sumatu nuen bultzada».

Oskar ASTIBIA, Leitzako intsumisoa

«Barrote artean eta kalean» sumatu zuen bultzada Astibiak: «1995 aldera ia 300 intsumiso ginen kartzelan» eta «eguneroko borroka» izan zela dio: «kartzelan asamblada asko egiten genituen intsumisioaren olatuari bultzada handiagoa ematea helburu zuten ekintzak egiteko». Baina espetxe barreneko ekintzetatik haratago, bere ustez, «dudarik gabe, gizartearen mugimendua ezinbestekoa izan zen hura dena aurrera eramateko». Kanpotik eta barrenetik eraginez, «kristoren oihartzuna lortu zen inguru guztietan».

Intsumisioarekin, bere ustez, «argi eta garbi erakutsi genuen Euskal Herrian ez dugula militarrik nahi», eta gisa berean, mugimenduari esker «mutil gazteak 18 urte bete ondotik behartuta militarren esku ez uztea lortu zela» nabarmendu du, «eta ez da gutxi!». Neurri handi batean horregatik iruditzen zaio «gaurko gazteek gaia ahaztuta dutela edo ez dakitela zer izan zen intsumisioaren mugimendua, orain soldaduskara ez dutelako joan beharrik».  Hala ere, argi utzi nahi izan du «oraindik antimilitarismoari lotuta asko dagoela egiteko».

«Oroitzapen gazi-gozoak»
30 urte atzera eginez, orduko oroitzapen «gazi-gozoak» dituela aitortu digu leitzarrak: alde batetik, «gozoak, intsumisioaren alde sortu zen laguntasunagatik». Gaineratu digunez, «barrenean indarra» sentitu zuen eta «ongi egiten ari ginela jakiteak» lagundu zion. Baina beste aldetik, egoerak bere alderdi «gazia» ere izan omen zuen: «espetxean askatasunik gabe egotea eta lagunen eta senitartekoen sufrimendua ikustea gogorra izan zen».

«Intsumisioa askatasuna da».

Oskar ASTIBIA, Leitzako intsumisoa

Momentu gaziak eta gozoak gogoan, berdin pentsatzen segitzen du orain ere, eta «intsumisioa askatasuna» dela ageriko egin nahi izan du. Bide batez, eskertzeko ere probestu nahi izan du tartea: «alde guztietatik intsumisioari bultzada eman zioten erakunde, lagun, herritar eta senitarteko guztiei, eskerrak emateko».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun