Telletxeak aitortu digunez, «hamabortz urterekin ez nuen kontzientzia antimilitaristarik, baina hala ere, banekien ez nintzela soldaduskara joanen». Eta garaia ailegatu zenean, ordurako kontzientzia gehiagorekin, halaxe egin zuen, deialdiari uko egin: «neure burua intsumisotzat aurkeztu nuen eta agintari militarrei dokumentazioa bidali nien».
«Ez nuen objekziorik eta deus egin nahi izan. Ez nuen zeharka libratu nahi afera hartatik eta zuzenean kontra egitea erabaki nuen».
Ramon TELLETXEA, Lesakako intsumisoa
Gainera, «zuzenean» intsumiso egin nahi izan zuen: «Ez nuen objekziorik eta deus egin nahi izan. Hori ez zitzaidan irtenbidea iruditzen. Ez nuen zeharka libratu nahi afera hartatik eta zuzenean kontra egitea erabaki nuen».
Ondorioak ere luze gabe etorri ziren. Bere hitzetan, «aurkeztu behar nuen tokian aurkeztu ez nintzenez, kartzela zigorra paratu zidaten». Baina espetxean ere ez zen aurkeztu eta «guardia zibilak etxera etorri ziren nire bila. Berako kuartelera eraman ninduten, eta han ordu batzuk pasatu ondotik, Iruñera eraman ninduten». Orduko momentuez galdetuta, «guardia zibilek kuartelean errespetuz tratatu zutela» dio.
San Roketik Martuteneko espetxera
Behin atxilotuta, intsumisioa egin zuten Nafarroako bertze dozenaka eta dozenaka presok bezala, Iruñeko San Roke kartzelan egin zituen hasierako egunak: «handik atera gabe ia hilabete osoa egin nuen». Graduz aldatu zutenean, eta kartzelara lo egitera joan behar izan zuenean, espetxez aldatzeko eskatu zuen: «Nahiago nuen Martutenera joan, etxetik aunitzez hurbilago nuelako. Gainera, Berako eta inguruko jende gehiago zegoen Martutenen». Eskatutakoa onartu zioten, «banekien automatikoki onartzen zutela», eta hala, «Martutenen urte bat inguru egin nuen». Onartu digunez, ez du orduko «oroitzapen traumatikorik», berak ezagutu zuen kartzela «lasaia» izan zela baitio, «eramangarria»: «tarteka liskarren bat edo bertze izaten ziren, baina ez nuen inongo arazorik izan».
«Hura garaipena izan zen baina militarrik gabeko mundu bat amesten segitzen dut».
Ramon TELLETXEA, Lesakako intsumisoa
Intsumisioaren mugimenduari esker «derrigorrezko soldaduska desagertzea» lortu zelakoan dago, eta horixe da bere ustez «lehenbiziko lorpena eta inportanteena». Hura «garaipena» izan zela uste du, baina aitortu digunez, «militarrik gabeko mundu bat» amestuz segitzen du, «militarrek ez dutelako inolako abantailarik ekartzen». Hala ere, urruti ikusten du hori; «orduan utopia zela, gaur egun hala dela eta etorkizunean ere utopia izanen dela» iruditzen zaio.
Horrekin batera, mugimenduak lortutako babesa eta oihartzuna nabarmendu nahi izan ditu Telletxeak, «gehiengo zabala gure alde zegoen, erabateko babesa izan genuen». Gisa berean, «garai hartan karrikan zegoen indar handia» ere azpimarratu du, «nahiz eta denbora laburrean iraun zuen. Estatuak baditu horrelako mugimenduak deuseztatzeko tresnak, badakite nola egin». Ez du orduko mugimendua sumatzen gaur egun karrikan, baina bere irudiko, «gazteoi zuzenean eragiten zigun afera zelako sortu zen halako mugimendua». Ez hori bakarrik. Bere ustez, «orduko egoera politikoarekin horrelako mugimendu bat sortzea erraza zen. Garai hartan, halako mugimendu batek onartua izateko osagarri guztiak zituen».