AITOR RUIZ DE LARRINAGA

«30 urte beranduago armadarekin akitzeko gerrak hor segitzen du»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 21a, 09:00

Aitor RUIZ DE LARRINAGA IDOATE, Elizondoko intsumisoa

«Antimilitarista» delako eta «armaden eta haien baloreen kontra» dagoelako erabaki zuen Aitor Ruiz de Larrinaga Idoatek (Elizondo, 1972) intsumiso egitea.

Gustuko ez dituen balore horien adibide, «indarkeria, xenofobia, sexismoa, hierarkia…» aipatu ditu. 1990ko urtarrilaren 20an egitekoa zuen soldaduska, baina argi zuen ez zuela egin nahi. Ez hori bakarrik. Justiziari ere planto egin zion, «ikusezinak deituriko jokabideari segituz». Hala, «ez nintzen ez auzitegietako zitazioetara joan, ez epaiketara, ez kartzelara». Kontatu digunez, «epaiketara agertu ez nintzenez, ni gabe egin zuten eta urtebeteko kartzela zigorra paratu zidaten». Kartzelara sartzeko deialdiari ere ez zion kasurik egin, eta horren ondorioz, «hiruzpalau urtez bilatu eta atxilotzeko agindutik ihesi, gordeka han eta hemen ibili nintzen, amnistia eman ziguten arte».

«Borroka baketsua eta alaia izan zen».

Aitor RUIZ DE LARRINAGA, Elizondoko intsumisoa

Bere hitzetan, «intsumisioa mugimendu antimilitaristak une jakin batean soldaduska profesionalarekin akitzeko erabilitako estrategia bat bertzerik ez zen izan» eta «borroka baketsua eta alaia» izan zen. «Eskualdean lau katu egin ginen intsumiso, baina talde bat antolatu genuen eta sei-zortzi lagun astero ekintzak antolatzeko eta borroka bideratzeko biltzen ginen». Edozein moduz, «eskualdean babes guti» izanagatik «hemendik kanpo mugimendu indartsua eta oihartzun handikoa» izan zelakoan dago, «derrigorrezko soldaduskarekin akitzeko adina».

Urteak pasatu dira geroztik, zehazki, derrigorrezko soldaduska desagertu zenetik 20 urte. Ez zaio iruditzen gaur egungo gazteek «intsumisoari buruz gehiegi dakitenik», eta gaineratu duenez, «borroka antimilitaristari buruz ere guti. Gaur egun, gazte guti ikusten da talde antimilistaristek antolatzen dituzten ekitaldietan».

Hala ere, borroka hura «garaipen bat» izan zela dio Ruiz de Larrinagak baina helburua ez omen da guztiz betea: «armadarekin akitzeko gerra ez da akitu: 30 urte beranduago borroka antimilitaristak hor segitzen du, eta bere borroka Espainiako estatuan armadarik gabeko mundu bat lortzea da». Horixe litzateke elizondoarraren ametsa, eta bide batez, «gastu militarrera bideratzen dena gizartearen beharretarako erabiltzea» ere bai.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun