Demografia datuak

Leitzaldeko eta Urumealdeko herrien artean Goizueta da azken 27 urteotan biztanlerian beherakada handiena izan duena

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 20a, 09:00

Baztango, Bertizaranako, Malerrekako, Bortzirietako eta Xareta aldeko biztanleriaren datuak aztertu ondotik, Leitzaldeko eta Urumealdeko datuen errepasoa egin du aldi honetan TTIPI-TTAPAk. Duela 27 urteko datuekin konparatuz, lau herrietan jaitsi da biztanleria, eta bereziki Goizuetan. Ikusi datuak albiste barrenean.

Lau herrietako datuak hartuta 398 erroldatu gutxiago dituzte herriek.

Arano

110 biztanlerekin TTIPI-TTTAPAren eremuan dagoen eskualdeko udalerririk txikiena da Arano, eta duela 27 urte baino 44 lagun gutxiago dira gaur egun bertan erroldatutakoak. Dena den, orain baino datu apalagoak izan ditu Aranok. 2016an, adibidez, 108 biztanle ziren, eta 2019tik 2021erako tartean, 116ra igo zen. Geroztik, ordea, behera egin du.

Areso

Azken datuen arabera, Areson orain dela 27 urte baino 43 biztanle gutxiago dira. 300eko langa atzean utzia du eta gaur egun 267 biztanle ditu. Hala ere, Aranon bezala, biztanleria kopuru txikiagoarekin egondakoa da. 2016an, esaterako, 260 biztanle zituen, eta 2021ean 283ra igo zen. Baina azken urteotan behera egin du.

Goizueta

Beherako bidea hartua dute aspaldian Goizuetako biztanleria datuek, eta zenbakiak dira horren erakusle. Duela 27 urteko datuekin konparatuz, 241 gutxiago dira gaur egun, azken datuen arabera, 708 biztanle. Azken urteotako datuei erreparatuz, berriz, 55 galdu ditu.

Auzoz auzo herrigunean pilatua da gehiena, biztanleriaren % 73,59 herrigunean bizi baita. Gainerakoan, auzoz auzo, hauxe da biztanleriaren banaketa: Aitasemegin % 8,62 bizi dira; Alkasoaldean % 7,91; Berazkun-Espidealdean % 4,94; Alkainzuriainen % 2,26, Tartazun % 2,12 eta Artikutzan % 0,56.

Leitza

2.000 urtea 3.000 biztanleren azpitik hasi zuen Leitzak, baina azken urteotan berriz ere gorako bidean da. Azken 27 urteotako datuei begiratuz, 70 biztanle galdu ditu, baina duela hamar urteko datuei erreparatuz gero, 127 biztanle gehiago dira, eta 2022tik berriz ere 3.000ren langa gainditua du.

Auzoz auzo, herrigunean bizi dira gehienak, alde handiarekin gainera, hamarretik ia bederatzik herrigunea baitu bizileku (% 87,4). Gorriztaran auzoa da zerrendan hurrengoa, biztanleriaren % 5,14 han bizi da; Arkiskilen % 3,08, Sakulu auzoan % 1,89, Erasoten % 1,29 eta Errekan % 1,19.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun