Urmuga jaialdiko ikuskizunetako bat Areson eginen dute uztailaren 20an

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 11a, 20:00

Mendiak eta musika elkartzen ditu Urmuga jaialdiak.

Ipuscoa 1.000 urte ikuskizuna eskainiko dute eta 150 artista baino gehiago igoko dira oholtzara. Areso eta Berastegi artean eginen dute emanaldia, Irumugarrietan, Altzegiko iturritik eskuinetara dagoen kaskoan.

Uztailaren 11n hasi zen Urmuga jaialdia eta uztailaren 31ra arte Euskal Herriko mendi, haran eta herriak musikaz betetzen ari dira. Aurten etxetik gertu izango dugu ekitaldietako batekin gozatzeko aukera. Uztailaren 20an, 18:30ean, Ipuscoa 1.000 urte ikuskizuna eginen dute Areso eta Berastegi artean. Zehazki, Irumugarrieta izenez ezagutzen den parajean izango da emanaldia, Altzegiko iturria baino aurreraxeago igota. 

Et Incarnatus orkestrarekin batera, hainbat gonbidatu igoko dira oholtzara: Leitzako Jeiki eta Amasa-Villabonako Eresargi abesbatzak, Jaione Olazabal eta familia, Donostiako eta Iruñeko orfeoiak, Iruñeko eta Tolosako udal txistulariak, Baigorri eta Iruñeko udal gaiteroak, Tolosako Bordondantzariak, Iruñeko Duguna dantza taldea eta Villabonako Oinkari, Leitzako Aurrera eta Bedaioko dantzariak. Itziar eta Garikoitz Otamendi koreografoak, Ansoko Danzantes de Benasque dantza taldea eta Ainsako Viello Sobrarbe dantza taldea, Alaitz Artola eta Xabier Leturia abeslariak, Amaia Elizaran dantzaria eta Luis Salesa eta Alvaro de la Torre musikariak.

Mendi ibilaldiak

Mendiak eta musika elkartzen ditu Urmugak eta Irumugarrietara joateko, hainbat ibilbide proposatu dituzte. Berastegi, Orexa edo Arribe izanen dira ibilaldi horien abiapuntuak eta bueltarako autobus zerbitzua jarriko dute Aresotik. Leitzan eta Areson ere hitzordua egitekoa dute herritarrek Irumugarrietara elkarrekin igotzeko. Leitzako plazatik 16:15ean aterako dira eta Aresoko plazatik 17:15ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun