Lau herrietako datuak hartuta, aunitz emendatu da biztanleria, baina hori Sarak eta batez ere Senperek izan duten bilakaeraren ondorio da.
Urdazubi
Urdazubin duela 25 urte baino biztanle gutiago dira gaur egun, zehazki, 34 biztanle galdu ditu. Urdazubiar gehienak herrigunean bizi dira, baina Urdazubi da biztanleria auzoz auzo gehien banatua duen herrietako bat, ez baita dena herrigunean zentratua. Guti goiti-beheiti biztanleriaren % 25 bizi da herrigunean, baina Alkerdi ez da urrun, % 22,6 han bizi baita. Leorlaz auzoan ia % 20 dira, eta Landibarren ia % 18. Gainerakoa Dantxarinea eta Telleria auzoetan bizi da. Hain zuzen, Dantxarinea da azken 25 urteotan biztanleria gehien galdu duen auzoetako bat; 38 gutiago dira.
Zugarramurdi
Zugarramurdin biztanleria pixka bat beheititu da, 1999an baino zortzi gutiago baitira. Baina herri barneko datuei erreparatzen hasita, herrigunean bildua da biztanleriaren zati handiena; hamarretik ia zazpi herrigunean bizi da. Gainerakoan, Olazur auzoan goiti egin du biztanleriak, eta Etxartea eta Madaria auzoetan ez da aldaketa haundirik izan.
Sara eta Senpere
Sara eta Senpereko kasuan, auzoz auzoko daturik ez du lortu TTIPI-TTAPAk, baina bai izan duten bilakaeraren erakusle diren herri osoko datuak. Batean zein bertzean aunitz emendatu da biztanleria.
Konparazio batera, Senperen, azken 25 urteotan 3.000 biztanle gehiago lortu ditu, eta gibelera eginda, 1980 hamarkada hasieratik ia 4.000 gehiago.
Neurri ttikiagoan, baina Saran ere emendatze handia izan du biztanleriak. Orain dela 25 urte baino 700 bat biztanle gehiago dira, eta 1980eko hamarkada hasieratik 900 bat emendatu da biztanleria.