Estatuko Osasun Sistemaren kontura farmazia prestazioa hartzeko eskubidea dutenek estatuko edozein farmaziatan hartzen ahal dituzte errezeta elektronikoan agindutako sendagaiak. Eta Europar Batasuneko estatu batzuetan ere bada aukera.
Non hartzen ahal dira botikak Nafarroatik kanpo?
Espainiar Estatuko edozein tokitan. Eta Europar Batasuneko estatu hauetan, elkarreragingarritasuna baitute: Estonia, Finlandia, Kroazia, Letonia, Lituania, Polonia, Portugal, Txekiar Errepublika eta Grezia. Luze gabe, bertze herrialde batzuetan ere aukera izanen dela adierazi du Lesakako Osasun Zentroak.
Zenbat ordaindu behar dira botikak?
Estatu mailan, Nafarroako farmazietan ordaindu beharreko kopuru bera. Eta estatutik kanpo, aipatutako herrialdeetan, medikazioaren zenbateko osoa ordaindu behar da. Faktura ere eskatu behar da, ondotik, Nafarroara bueltatzean, dagokion itzulketa eskatu ahal izateko.
Elkarreragingarritasunik ez duen herrialde batera joanez gero, nola lortu botikak?
Elkarreragingarritasunik ez duen herrialde batera joan eta hilabete baino denbora gehiago pasatu behar bada, norbere ardura da helmugako herrialdean beharko duen medikazioa kudeatzea.
Zer agiri aurkeztu behar dira Nafarroatik kanpoko farmazietan botikak hartzeko?
Estatu mailan, Osasunbideko txartela aurkeztu behar da, fisikoa edo birtuala. Muface, Mugeju eta Isfaseko mutualistek ere hartzen ahal dute errezeta elektronikoko medikazioa.
Estatutik kanpo, berriz, elkarreragingarritasuna duten herrialdetan, Osasunbideko txartela (fisikoa edo birtuala) eta NANa edo pasaportea aurkeztu behar dira. Europako osasun txartelak ez du balio botika lortzeko. Horrekin batera, botikariak informazio agiri bat ematen du (PIN izenekoa), datu pertsonalak nola tratatuko diren adieraziz. Botikak hartzeko baimena ematea nahitaezkoa da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!