Saharako haurrak uztailaren 18an ailegatuko dira

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 13a, 11:00

Saharaztan Saharako herriaren aldeko Baztan-Bidasoko elkartasun elkarteari esker eta Oporrak Bakean programa tarteko, Saharako hamaika haur uztailaren 4an ailegatzekoak ziren eskualdera. Baina, kontu burokratikoak tarteko, hegaldiak alde batera gelditu ziren. Espero baino beranduago, baina azkenean uztailaren 18an ailegatuko direla baieztatu du Saharaztanek.

Bina haur Erratzura, Elizondora eta Iturenera etorriko dira, eta gainerakoak Iruritara, Zigara, Narbartera, Donamariara eta Sunbillara eta abuztuaren 29ra arte eskualdean pasatzekoa dute uda.

Urte osoan auzolanean 

2007an sortu zuten Saharaztan elkartea, aitzinetik Baztan-Bidasoko eta Leitzako hainbat herritar Sahararen alde lanean aritu ondotik. Geroztik Oporrak Bakean programa izan da elkartearen proiekturik nagusiena. Baina ez bakarra, urte osoan aritzen baitira Sahararen alde auzolanean. Hala, urtero Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan laguntzen aritzen den elkarte bat diruz laguntzen dute.

Joan den urtean, adibidez, ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartera bideratu zuten dirulaguntza, udazkenean izandako uholdeek eragindako kalteak konpontzen laguntzeko. Aitzineko urtean, Saharako Kabiak elkarteari eman zioten dirulaguntza, errefuxiatuen eremuetako liburutegi zerbitzua osatzen eta mantentzen segitzeko. Ur deposituak ere erosi izan dizkiete, baita produktu bilketak egin ere, eta elkarretaratzeak eta sentsibilizazio ekintzak ere egiten dituzte. Elizondoko ferietan egiten duten tonbola izaten dute diru iturri nagusia. Gainerakoan, familia bakoitzak harrera egin dion haurrarekin eta haien familiarekin urte osoan mantentzen du harremana.

Oporrak Bakean programa

Bertzalde, urteotan harrera familien kopuruak beheiti egin du. Pandemiaren aitzinetik, . Oporrak Bakean programarekin urtero hogei bat haur etortzen ziren Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako familietara. Bi urtez, taldean harrera eginez, Bakeleku udalekuak ere antolatu zituzten Elizondoko Lanbide Eskolan. 

Pandemia tarteko, ordea, alde batera gelditu zen programa, eta bi urteko geldialdiaren ondotik, 2022ko udan berrartu zuten Oporrak Bakean. Geroztik, poliki-poliki ari dira: Hiru haurrekin hasi ziren eta aurten hamaika dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!