Finala ongi hasi zen Leitzarentzat. Julen Baleztenak eta Aimar Zubillagak, hasiera berdindu baten ondotik, 22-11 irabazi zieten Irurtzungo Mikel Lasori eta Pello Gorraizen ordez aritu zen Oier Razkini.
Jubenil mailako finala izan zen berdinduena eta txapela alde batera edo bestera erortzeko giltza ere bertan izan zen. Irurtzungo Jon Patxi Okiñena eta Oier Huarte ziren faborito, baina Janitz Sagastibeltza eta Oinatz Alkorta leitzarrek estu hartu zituzten. 6-3 aurretik izan ziren leitzarrak, baina zortzina berdindu ondotik, bederatzi tanto segidan egin zituzten irurtzundarrek (8-17). Partida galdua zirudien, baina hemezortzina berdindu ez ezik, 21-18 aurretik jarri ziren Sagastibeltza eta Alkorta, partida eta herriartekoa irabaztetik tanto bakarrera. Baina azken lau tantoak segidan egin zituzten irurtzundarrek partida irabazteko (21-22).
Beraz, banako berdinketarekin, senior mailako partidan erabaki zen finala eta, honetan, Irurtzungo Alberto Ongayk eta Adrian Azpirozek erraz irabazi zieten Leitzako Hegoi Txoperenari eta Eñaut Goikoetxeari (2-22).
Sari banaketan izan ziren Nafarroako Pilota Federazioko Andrea Lusarreta presidentea eta Juan Martinez de Iruko batzordekidea, baita CaixaBankeko Miguel Navarrete ere.