Jardunaldi jarraituarekin batzuk eta jardunaldi zatituarekin bertze batzuk. Halaxe hasi dute 2022-2023 ikasturtea eskualdeko ikastetxeek. TTIPI-TTAPAren Hegoaldeko eremuan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 31 ikastetxe daude eta horietatik 21etan jardunaldi jarraituarekin hasi dira; jarraitua ezartzeko beharrezkoak ziren hiru botazioetan Nafarroako Gobernuak araututako gehiengoa lortu zutelako.
Proposamena aitzinera ateratzeko, lehenbiziko botazioan irakasleen klaustroaren % 60k babestu behar zuen ordutegi aldaketa, gero eskola kontseiluaren % 66,6ak eta azkenik, guraso errolda osoaren % 60ak. Prozedura hori gainditu duten ikastetxeetan jardunaldi jarraitua dute, eta hala, ikasturte osoan eskolak goizez bakarrik izanen dituzte. Horrez gain, irailean eta ekainean izan ezik, ikastetxeek arratsaldetan jarduerak eskaini beharko dituzte. Jardunaldi zatituarekin direnek, berriz, pandemiara bitarte bezala, irailean eta ekainean goizez, eta gainerako hilabeteetan goizez eta arratsaldez izanen dituzte eskolak.
Hezkuntza Departamentuak mahai gainean jarri zuen hirugarren aukera, jardunaldi malguarena zen, hau da, urritik maiatzera astean hiru egunez goizez eta arratsaldez eta astean bitan goizez izatea eskolak, eta irailean eta ekainean, goizez bakarrik. Baina eskualdean ez dago eredu hori duen ikastetxerik.
Elkarrizketatu adina iritzi
Eredu bakoitzak aldeko eta kontrako iritziak ditu, eta bakoitzak bere arrazoiak. Baina hortik haratago, eskolaldi jarraitua eta malgua eskatzeko prozedura ere eztabaida iturri izan da hezkuntza komunitatean; ikastetxe batean baino gehiagotan gertatu baita gehienak aldaketaren alde izan, baina % 60ra ez ailegatzea, eta hala, jardunaldi zatituarekin gelditzea. Konparazio baterako, Amaiurko eskolan, irakasleen klaustroaren eta eskola kontseiluaren aldetik nahiko babes lortu zuten baina gurasoen botazioan boto bakarragatik gelditu dira jardunaldi jarraitua ezarri ezinik; edo Lesakako Irain eskolan familien % 56k egin zuen jardunaldi jarraituaren alde, gehiengoak beraz, baina aldaketarako behar zen % 60aren azpitik.
Aldaketarako gehiengo sinplea aski izatea aldarrikatu duten ahotsak ez dira gutti, eta botazio formatuarekin haserre, hainbat gurasok sinadura bilketa egin zuten urte hasieran. 2.000 familia baino gehiagok eskatu zuten jardunaldi aldaketa erabakitzeko gehiengo soila nahikoa izatea. Salatu zutenez, «nahiz eta boto emaileen gehiengo zabala lortu (botoen % 50 baino gehiago), Nafarroako 16 ikastetxeetan ez da posible izanen aldaketa egitea, prozedura arautzaileak ez baitu kontuan hartzen jardunaldi aldaketaren alde dauden familien gehiengoaren ahotsik».
Eskualdean, ikastetxe batzuek eredu bat eta bertzeek bertzea izateak nahasmen franko ere sortu ditu. Bereziki, espezialistak, ateraldiak eta proiektuak partekatzen dituzten eskola ttikietan zailtasunak izan dituzte antolatzerako orduan. Horixe da, adibidez, Baztanen edo Bortzirietan gertatu dena. Baztango eskola ttikien artean, Arizkungoa eta Amaiurkoa dira jardunaldi zatituarekin gelditu diren eskola ttiki bakarrak, eta ezin izanen dute orain arte bezala gainerako eskola ttikiekin egiten zituzten tailerretan edo gainerako jardueretan parte hartu.
Dena den, litekeena da aurten ere eredua berrikusteko aukera izatea. Eta Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariak errana du 2023-2024 ikasturte-
tik aitzinera eskolako jardunaldiari buruzko guztia foru agindu batekin arautu nahi dutela. Bertzeak bertze, eskatutako gehiengoak berrikusiko dituztela eta prozesuan familiek parte hartzeko aukera haundiagoa izanen dutela ere aitzindu du.
Zein jardunaldi dute ikastetxeek?
Baztan
Almandoz IP | Jarraitua |
Arraioz IP | Jarraitua |
Azpilkueta IP | Jarraitua |
Elizondo IP | Jarraitua |
Erratzu IP | Jarraitua |
Gartzain IP | Jarraitua |
Irurita IP | Jarraitua |
Lekaroz IP | Jarraitua |
Oronoz IP | Jarraitua |
Ziga IP | Jarraitua |
Amaiur IP | Zatitua |
Arizkun IP | Zatitua |
Baztan Ikastola | Zatitua |
Malerreka
Doneztebe IP | Jarraitua |
Ituren IP | Jarraitua |
Saldias IP | Jarraitua |
Sunbilla IP | Jarraitua |
Bortziriak
Etxalar IP | Jarraitua |
Lesakako ikastola | Jarraitua |
Arantza IP | Zatitua |
Bera IP | Zatitua |
Bera IP | Zatitua |
Berako ikastola | Zatitua |
Berako Jesusen Bihotza | Zatitua |
Igantzi IP | Zatitua |
Lesaka IP | Zatitua |
Leitzaldea-Urumealdea
Areso IP | Jarraitua |
Goizueta IP | Jarraitua |
Leitza IP | Jarraitua |
Bertizarana
Legasa IP | Jarraitua |
Narbarte IP | Zatitua |
Xareta
Urdazubi-Zugarramurdi IP | Jarraitua |
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!