Nora SALBOTX

«Haurren bioerritmorako aunitzez hobea da goizeko jarduera»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 9a, 11:00

Nora SALBOTX ALEGRIA, Amaiurko eskolako irakaslea

Baztango herri ttikietako eskolek urteak daramatzate elkarlanean. Aurten, ordea, Amaiurko eta Arizkungo eskoletan izan ezik, gehienak jardunaldi jarraituarekin gelditu dira, eta antolatzerakoan «sekulako konplikazioak» izan dituztela dio Nora Salbotxek: «espezialistak, proiektuak, ateraldiak, formakuntzak, koordinazioa... Dena konpartitzen dugulako».

Eskolaldi jarraitua izatetik boto bakarrera gelditu dira Amaiurren: «gurasoen bozketan % 58 jarraituaren alde agertu zen, baina ez genuen legeak eskatzen zuen % 60 lortu. Gure eskolan boto batek % 4ko balio du eta beraz, boto bat gehiago atera izan balitz, jarraitua izanen genukeen». Alde horretatik, «prozedura ez da bidezkoa» Salbotxen irudiko.

Haurrendako jarraitua egokiagoa ikusten du: «Pandemia hasi aitzinetik zalantza haundiak izan nituen, baina probatu ondotik, jarraituaren aldekoa naiz. Garbi gelditu da akademikoki emaitzei eutsi zaiela, eta arratsaldetan haurrek eskolaz kanpoko ekintzak akitu ondotik jostatzeko denbora aunitzez gehiago izan dute, eta josteta hezitzailea eta inportantea da». Bere ustez, «haurren bioerritmoei aunitzez gehiago atxikitzen zaio goizeko jarduera, beraien bizitza egunaren argiari lotuagoa» ikusten du, eta horrez gain, «gure kasuan, jangelari ez dio eragin. Haurrak berdin-berdin gelditu dira jangelan». 

«Interesak»

Ondoko ikasturteei begira, jardunaldia aldatzeko «prozedura berriz abiatu edo ez» aztertuko dutelakoan dago, «aldatuz gero, Baztango gainerako herri ttikietako eskolekin bat eginen genuke». Baina hortik aparte, afera honen gibelean dauden «interesak» azpimarratu ditu: «Gai honi buruz solas egiten denean, badira sobera konbentzitzen ez didaten argudio pare bat: Zergatik eskaintzen dute kontzertatuetan goizez eta arratsaldez? Zergatik da prozedura hain desegokia? Bertzerik gabe, interesengatik. Catering enpresa haundiek sekulako presioa egiten dute eta ikastetxe pribatuetan badago eskolaz kanpoko ekintzak kobratuz negoziorako ildo bat. Igual ez zaie  hainbertze interesatzen jarraitua. Ez gara ohartzen zenbateko boterea duten enpresa haundiek».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun