Eneko FERNANDEZ

«Jardunaldi aldaketa egiteko portzentajeak ez dira bidezkoak»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 9a, 09:00
Argazkia: BDB

Eneko FERNANDEZ MARITXALAR, Lesakako eskolako irakaslea

Eneko Fernandezi «bidegabeak» iruditzen zaizkio «jardunaldi aldaketa egiteko eskatzen dituzten portzentajeak», eta «legedi berria» aldarrikatu du, «bertze botazio guzietako sistema izatea, hau da, botoa ematen dutenen gehiengo sinplea nahikoa izatea».

Lesakako eskolako irakaslea izaki, hango adibidea ekarri du mahai gainera: «Lesakan, gurasoen botazioan, 71 boto izan ziren jardunaldi jarraituaren alde, eta 40 kontra. Aldekoak gehiago izanda ere (% 56), errolda guziaren % 60ra ailegatzen ez zirenez, jardunaldi zatitura bueltatu gara». Lesakakoa ez da kasu bakarra: «Iruñerrian aldaketaren aldeko botoak bikoitza izan diren kasuak izan dira, 200 alde eta 100 kontra, baina ezin izan dute aldatu. Eta gure kasua antzekoa da». Horixe da bere ustez «kritikagarriena eta aldatu behar dena», eta «aldaketa hori eskatu duen talde bat badela» oroitarazi du. 

Jarraian nahiago

Hortik aparte, jardunaldi jarraitua edo zatitua egokiena zein den «bakoitzak ikusi behar du» Fernandezen hitzetan: «Hori librea da, bakoitzak bere argudioak izanen ditu eta errespetatu behar dira. Eskola guziek bi ereduak probatu dituzte eta orain bai, gai gara konparatzeko eta hobea zein den aukeratzeko». 

Beretzat «jardunaldi jarraitua egokiagoa» da, «aukera gehiago ematen dituelako. Ez naiz gurasoa, baina gurasoek ere aukera gehiago dituzte, hiru momentutan har baitezakete haurra». Horrez gain, «haurrentzat arratsaldetan bazkaldu eta bueltatzea hagitz gogorra» dela nabarmendu du: «nekatuak ikusten dira. Batzuk goizez gehiago nekatzen direla erraten dute, baina niretzat ez. Denok dakigu bazkaldu ondotik nola egoten diren gorputzak eta zenbat kostatzen den berriz aktibatzea. Arratsaldetako motibazioa eta gogoa ez da berdina». Ez hori bakarrik, «eskola goizean izateak arratsaldetan edozein gauza egiteko aukera ematen diela» aipatu du: «14:00etan edo 16:00etan atera bada aldea, gauza guziak bi ordu gibelatzen dira». 

Dena den, argi utzi nahi izan du «igual ttikiagoetan bertze zerbait nabarituko dutela, baina ni 5. eta 6. mailako ikasleekin ari naiz, eta goizetan arratsaldetan baino aunitzez ere motibatuagoak, kontzentratuagoak eta indartsuagoak egoten dira». Bide batez, «jangela gatazkarako momentua dela» ere adierazi du, eta «gatazka horiekin etortzen dira geletara. Alde horretatik ere arratsaldetako saioak gogorragoak egiten dira».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun