Iker Barandarain

«Eskola orduak kolpe batean eginda alde ederra arratsaldea libre izatea»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 9a, 10:30

Iker BARANDARAIN CABALLERO, Aresoko gurasoa

Iaz hasi zen Iker Barandarainen lau urteko alaba Aresoko eskolan «eta bestelako eredurik probatzeko aukerarik izan gabe, jardunaldi jarraituan» egokitu zitzaion.

«Hasieran beldurra» sentitu omen zuten; «aurreneko urtea, hainbeste ordu segidan... gehiegi ez ote ziren izango. Baina bi atsedenaldi dituztenez eta saiorik arinenak bukaeran, ederki moldatu zen». Hala, «gustura hartu genuen arratsalde guztia libre izatea. Bazkalondoan siesta lasai egiteko aukera eman zion eta gero arratsalde osoa libre izatekoa». Jardunaldi jarraituak koxkorragoak diren haurrei ere «lasaiago ibiltzeko aukera ematen diela» dio aresoarrak: «arratsaldeari ez zaizkio eskolarako orduak kentzen eta eskolaz kanpoko jardueraren bat baldin badute ez dira eskolatik atera eta korrika eta presaka ibiltzen». Dena den, bere ustez, «ezin liteke esan kontziliazioaren izenean egiten den aldaketa denik. Gehiengoak zortzi orduko lanaldia badugu eta haurrak eskolan bost orduz egoten badira, puzzlea osatzen nahiko lan izaten da». Jangela zerbitzua ere hizpide izan du: «eskola handietan, jangela zerbitzuarekin eta eskolak eskaintzen dituen jarduerekin haurrak beranduago hartzeko aukera dute, baina Areson ez dugu jangelarik eta derrigor behar dugu bazkalorduan haurren kargu egingo den norbait. Lehen, haurrak jaso eta berriz ere eskolara eramateko. Orain, eskola eguerdian bukatuta, arratsaldeko joan-etorria ez dugu egin behar».  

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun