ARANTZA DIEZ

«Jardunaldi jarraitua ezartzeko erabakia eskola komunitate osoarena izan da»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 9a, 08:30

Arantza DIEZ ARANBURU, Iturengo eskolako irakaslea

Ordutegi jarraitura aldatzeko jarrera aise nagusitu zen Iturengo eskolan, hiru botazioetan, gainera. Arantza Diezek kontatu duenez, «klaustroaren botazioan % 100 alde agertu zen; eskola kontseiluko partaide guztiek ere baiezkoa eman zuten eta gurasoen botazioan, % 85 atera zen alde. 

Botazioa egin aurretik proiektua familiei aurkeztu eta pentsatzeko denbora utzi genien. Azken hitza Hezkuntza Departamentuak izan zuen, eta  honek baiezkoa eman ondotik, aurten hasi gara ohiko jardunaldi jarraituarekin, joan den urtekoa Covid-ak eragindakoa baitzen». Goizez aritzearen «iazko esperientzia» hor dutela dio, eta «hasi besterik egin ez bagara ere, momentuz oso ongi ari gara jarraituarekin». Horixe da haurrendako eredurik egokiena bere irudiko: «Jarraituarekin ikasleen errendimendu maila haunditu da. Lehenago, zatituarekin, arratsaldeko saioak pisutsuak egiten zitzaizkien, eta gainera, bazkariko etenaldiaren ondotik, askotan ez zen samurra izaten gelara bueltatzea. Orain, goiza luzeago egiten da, baina bai haurrek bai irakasleok martxa hartu dugu eta egiaztatu dugu ordu erdiko atsedenaldia eginda, askoz ere hobekiago erantzuten dutela egunerokoan, baita sozialki ere, gatazka gutxiago sortzen direlako».

Ez da jarraituari ikusten dion alde on bakarra: «familiek egunerokoa antolatzeko askoz ere aukera haundiagoa dute. Haurrak 14:00etan har ditzakete, edo jantokian gelditzen badira 15:00etan edo 15:30ean, eta arratsaldeko tailerretara joaten badira 16:30ean. 14:00etan etxera bazkaltzera joanez gero, nahi badute arratsaldeko tailerretara bueltatzen ahal dira». Dioenez, «ttikiek  ere hobekiago erantzuten dute jarraituarekin, beraien erritmo biologikora hobekiago egokitzen da».

Arratsaldetako tailerrak 15:30etik 16:30era dituzte, eta adinaren arabera, bi taldetan banatuta, ludoteka, zinemagintza, dantza eta antzerkia, IKT eta kantak/songs, multikirola edo psikomotrizitatea dituzte, baita etxeko lanak egiteko tartea ere, «irakasleok gidatuta». Arratsaldetako jarduerak «dohainik direla eta ez direla derrigorrezkoak» aipatu du: «Zinemagintzan eta dantza eta antzerkian konpromisoa eskatzen dugu jarduerek jarraipena izanen dutelako, baina gainerakoetan, malgutasunez jokatuko dugu. Haurrak etor daitezke edo ez». Arduradunak irakasleak direla, eta «hor egon behar dugula» ere gaineratu du. Eta jantoki zerbitzua «mantendu dutela» nabarmendu du: «beti bezala, diruz lagundu dute». 

Argi utzi nahi izan du jardunaldi jarraitua ezartzeko erabakia «ez dela irakasleona bakarrik izan, eskola komunitate osoarena izan dela». Bide beretik, «ikasturte bukaeran jardunaldi jarraituari buruzko balorazioa egin eta familien iritzia biltzeko» asmoa dute: «Horren arabera erabakiko dugu heldu den urtean horrela jarraitu edo ez». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun