Rosa MAIZ

«Irakasle bezala gustuko dut zatitua, guraso bezala jarraitua nahiago dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 9a, 11:30

Rosa MAIZ GOÑI, Arantzako eskolako irakaslea eta gurasoa

«Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, eta jardunaldi jarraitua probatu aitzinetik argi nuen ttikientzat 14:00 arte segidan egitea hagitz aldrebesa izanen zela. Baina uste baino aunitzez hobekiago joan zen. Ttikienei abendura arte 13:00etan ateratzeko aukera eman genien, bi errekreoetan jateko zerbait ematen genien eta ordutegia egokituta, nahiko ongi moldatu ginen». Halaxe aitortu du Rosa Maizek.

Lehen Hezkuntzakoak ere jardunaldi jarraituarekin «nahiko kontent» ibili zirela dio, baina ordutegi aldaketa eskatzeko prozedura martxan paratu aitzinetik «gurasoen iritzia biltzeko galdeketa egin genuenean, hagitz guttik erantzun zuten, erdiak jarraituaren alde eta bertze erdiak zatituaren alde. Ez genuen gurasoen aldetik ordutegia aldatzeko interesik ikusi, eta irakasle gehienei zatitua egokiagoa iruditu zitzaienez, zatitura bueltatzea erabaki zen».

Onartu du lanerako jardunaldi zatitua «gustuko» duela, «eguerdian deskantsatzeko aukera» ematen baitio, baina gurasoa ere bada, eta alde horretatik, «jarraitua nahiago dut: Seme-alabak haundituak ditut eta jarraituan aise aguantatzen dute. Eskolaren eta eskolaz kanpoko ekintzen artean etxean lasai egoteko eta antolatzeko tarte bat izatea hagitz ongi etortzen da, bertzela, eskolatik atera eta tarrapataka batetik bertzera joan behar izaten dugu, eta etxera ailegatu orduko aunitzetan ilunabarra izaten da». 

Guraso elkarteko juntan ere egon berria da eta «jardunaldi jarraituarekin segitu nahi zuten guraso batzuen kezka» ailegatu zitzaiela onartu du. Horri erantzunez, «gobernuak ordutegi aldaketa egiteko epea zabaltzen duenean, guraso elkarteak gurasoei iritzia galdetzea erabaki du, eta gehiengoa aldaketaren alde baldin bada, eskolari eskaera  eginen dio. Gurasoen nahia hori baldin bada, eskolan prozedura abiatuko dugu». 

Bertzalde, jardunaldi jarraituari lotuta, jangelaren etorkizuna da «kezka» sortzen diona: «Nafarroako Gobernuak jangelako dirulaguntza bi kilometro baino urrutiago bizi direnei ematen die, hau da, etxera joan eta etortzeko denborarik ez dutenei. Jardunaldi jarraitua izanen bagenu, denok denbora berbera izanen genuke, joan-etorria egin beharrik ez, eta ez dakit laguntza mantenduko luketen. Jangela laguntza horri esker dugu martxan, eta jarraituarekin arriskuan egoten ahal da».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun