Fernando ANBUSTEGI

«Jarraituarekin arratsaldea luzea da eta haurrendako aise hobe da»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 9a, 09:30

Fernando ANBUSTEGI GOÑI, Elizondoko gurasoa

«Baztan Ikastolan gurasoen gehiengoa jardunaldi jarraituaren alde zegoen, bozketan % 58 inguru atera zen alde, baina ez genuen behar zen gehiengorik lortu eta zatituarekin gelditu gara».

Fernando Anbustegi jarraituaren aldekoa da, «azken bi urteotan, jardunaldi jarraituarekin, hobeki ikusi baititut haurrak, gehienbat eskola 14:00etan akitu eta arratsaldetan denetarako denbora izaten zutelako: eskolaz kanpoko jardueretarako, etxeko lanak egiteko, lagunekin egoteko... Arratsaldea luzea zen eta haurrendako aise eredu hobea iruditzen zait». Dioenez, «talde kohesiorako edo lagunak egiteko egokiagoa izaten ahal da zatitua, zatituarekin ikastolatik ateratzean parkean gelditzen baitira jostatzen. Jarraituarekin, aldiz, denak etxera joaten dira eta gero ez dira elkartzen. Gehienbat ttikien artean gertatzen da hori, koxkorragoak beraien artean gelditzen dira». Gisa berean, onartu du «jarraituarekin neke gehiago sumatzen ahal dela ttikien artean». Dena den, «gurasoen gehiengoa jarraituaren alde izanda» ikastolan berriz ordutegia aldatzeko bozkatuko dutelakoan dago, eta bere ustez, «haurrek ere nahiago dute jarraitua». Hortik aparte, eredu aldaketak bertzelako eragozpenak ere sortu ditu: «Elizondoko eskolan jardunaldi jarraitua dute, eta gurean zatitua. Ikastolako ikasle batzuek beraien autobusa erabiltzen zuten, eta orain, ordutegi desberdina izateak buruhauste batzuk eragin ditu».  

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun