Itsaso ETCHART

«Alabarengan pentsatuz jardunaldi jarraitua egokiagoa ikusten dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 9a, 10:00

Itsaso ETCHART IPARRAGUIRRE, Urdazubiko gurasoa

Zugarramurdiko eskolan jardunaldi jarraituarekin hasi du ikasturtea Itsaso Etcharteren zazpi urteko alabak. Ereduarekin «ados» dago, eta are gehiago, «pandemia aitzinetik eta ondotik eskolak izan duen funtzionamendua kontuan hartuta, alabarengan pentsatuz» horixe ikusten du egokiena.

«Pandemia aitzinetik, gurasoak lanean ginenez, alaba ezin zen eguerdian etxera bazkaltzera bueltatu eta jangelan gelditzen zen. 16:30 arte ez zen etxeratzen. Etxera joateko aukera zutenek ere tarte ttikia zuten autobusean etxera bueltatu, bazkaldu eta berriz eskolara joateko. Ez zuten siesta egiteko aukerarik ere. Orain, jarraituarekin, aunitz 14:00etan ateratzen direnez, denborarekin bazkaltzeko eta nahi izanez gero, siesta egiteko aukera dute». 

Alde on aunitz ikusten dizkio jarraituari: «goizetan ikasleen errendimendua eta atentziorako gaitasuna hobea da, eskolatik ez dira horren nekatuak ateratzen, bazkaldu ondotik deskantsatzeko, jostatzeko, kirola egiteko, familian egoteko, aisialdirako eta eskolaz kanpoko jardueretarako denbora gehiago dute, eta eguerdian etxera bueltatzeko aukerarik ez dutenak ere lehenagoko orduan bueltatzen dira etxera, jangela zerbitzua eta arratsaldeko jarduerak dituztelako. Horrek kontziliazioa errazten du». 

Dena den, alde txar batzuk ere ikusten dizkio jarraituari: «09:00etatik 14:00etara 30 minutuko atsedenaldi bakarra dute astean lau egunez, gurasoen laneko ordutegiagatik aunitz ezin dira 14:00etan atera eta jangelara eta arratsaldeko ekintzetara joan behar dute, gogorik izan gabe ere...». 

Aitortu duenez, «aurtengo ikasturtean ikusi beharko dugu ereduarekin ongi moldatzen garen edo ez. Alabak bi egunez arratsaldetan gelditzea erabaki du jarduerak gustuko dituelako eta beraz, ikusiko dugu». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun