Goiti segitzen du eskualdeko biztanleriak. Hala diote zenbakiek. Konparazio batera, azken datuei erreparatuz, 2023ko ilbeltzaren 1ean 36.981 biztanle zituen TTIPI-TTAPAk hartzen duen eremuak, urtebete lehenago baino 648 gehiago, eta mende hasieran baino 4.387 gehiago. Datuen errepasoa egin du TTIPI-TTAPAk, eta gaia hizpide hartuta, eskualdeko sei alkaterengana jo du.
Goiti gutti batzuk
Kopurua hazten ari bada ere, udalerri batetik bertzerako joera diferentea da. 2000. urtetik honat izan den bilakaera kontuan hartuz, eskualdean dauden 27 udalerrietatik hamarretan biztanleriak goiti egin du eta bertze hamazazpitan beheiti. Bereziki Senpereko (% 71,44), Doneztebeko (% 36,72), Sarako (% 25,95), Donamariako (% 17,57) eta Iturengo (% 13,19) hazkundea dago horren gibelean. Eta neurri ttikiagoan, Berak (% 8,65), Etxalarrek (% 5,58), Baztanek (% 3,07), Leitzak (% 2,62) eta Lesakak (% 1,86) ere goiti egin dute.
Beheiti gehienak
Gainerako udalerrietan beheiti egin du 2000. urteaz geroztik, eta batzuetan, hagitz nabarmen gainera: Ezkurran (% 38,79), Aranon (% 27,15), Beintza-Labaienen (% 24,83), Goizuetan (% 21,59), Saldiasen (% 17,88), Urrozen (%14,90) eta Eratsunen (% 13,89). Apalxeago bada ere herri hauetan ere biztanleriak puntu batzuk beheiti egin du: Areson (% 8,87), Urdazubin(% 7,65), Oizen (% 7,64), Arantzan (% 7,02), Zubietan (% 4,89), Bertizaranan (% 3,35), Igantzin (% 2,72), Sunbillan (% 2,33), Zugarramurdin (% 1,28) eta Elgorriagan (% 0,49).
60 urteotan alde handia
Urteetan gibelera eginez gero, datuak are deigarriagoak dira: 1960az geroztik hemeretzi udalerrik galdu dute biztanleria eta zortzitan igo da. Mutur batean Ezkurra, Arano, Eratsun, Beintza-Labaien, Zugarramurdi, Saldias, Goizueta, Urroz, Arantza eta Zubieta daude; 60 urtez biztanleria % 40 baino gehiago galdu dute. Eta bertze puntan Senpere, Doneztebe, Leitza eta Bera daude, % 40ko igoera baino handiagoa izan dutenak.
Nafarroako Gobernuak duela hiru urte argitaratu zuen, Nafarroako udalerrien despopulatzeari buruzko ikerketa. 1989tik 2019rako datuak kontuan hartu zituen, eta Goizueta, Ezkurra, Eratsun eta Beintza-Labaien «despopulatzeko muturreko arriskuan» zeudela ondorioztatu zuen; «despopulatzeko arrisku nabarmena» Aranok zuela erran zuen eta «despopulatzeko arrisku handiarekin» eskualdeko bertze bederatzi udalerri izendatu zituen: Arantza, Areso, Baztan, Bertizarana, Etxalar, Oiz, Urroz, Saldias eta Zubieta.
Herri handienetan pilatua
Bada bertze datu adierazgarri bat. 27 herrietatik zazpi dira 1.500 biztanle baino gehiago dituztenak: Senpere (7.559), Bera (3.792), Elizondo (3.516), Leitza (3.016), Sara (2.762), Lesaka (2.731) eta Doneztebe (1.858). Horietan 25.234 lagun bizi dira, hau da, eskualdeko biztanleria osoaren ia hamarretik zazpi (% 68,24).
Eremuka, Xareta da eremurik jendetsuena 10.914 biztanlerekin, eta Bortziriak eta Baztan ditu gibeletik, 8.537 eta 7.831 biztanlerekin, hurrenez hurren. Malerrekako hamabi herrietan 4.963 lagun bizi dira eta Leitzaldean eta Urumealdean 4.101; Bertizaranan, azkenik, 635 lagun.
Gainerakoan, Baztanen, biztanleriaren % 44,9k Elizondo dute bizileku. Bortzirietan herritarren % 44,42 Beran eta % 31,99 Lesakan bizi dira; Leitzaldean eta Urumealdean % 73,54k Leitza dute bizileku eta % 17,26k Goizueta; Malerrekan hamabi udalerri dira eta % 37,44 Donezteben bizi dira; eta Xaretan % 69,26 Senperen. Bertizaranan, eskatu arren, herriz herriko daturik ez du lortu TTIPI-TTAPAk.
Migrazioa goiti
Herri batzuetan biztanleria mantendu bada, migrazioaren ondorioz izan da. Gure herrietan, hamarretik bat etorkina da egun. Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, 2022an 26.526 lagun zeuden erroldatuak gure herrietan (Nafarroa aldean, Senpere eta Sara kontuan hartu gabe) eta horietatik 2.551 Euskal Herritik eta Espainiar estatutik kanpo sortutakoak dira, populazio osoaren % 9,62, duela 20 urte baino % 5,45 gehiago.
Baztango populazioaren % 11,29k atzerrian du jatorria, Hego Amerikan batez ere. Berdintsu dabiltza Urdazubi-Zugarramurdin (% 10,53). Bortzirietan, aldiz, populazioaren % 9,44 atzerrian sortua da, Hego Amerikan nagusiki. Malerreka-Bertizaranan kopurua apalagoa da (% 8,76) eta Leitzaldean eta Urumealdean antzeko kopuruak dituzte: % 7,97 Leitza-Areson eta % 7,20 Goizueta-Aranon.
Etxebizitzak
Biztanleriaren bilakaeraren harira, etxebizitzaren gaia izan da alkateek mahai gainean paratu duten kontuetako bat, batean baino gehiagotan «arazo» bihurtu delako. Nafarroako Gobernuaren azken datuen arabera, eskualdean, Nafarroako eremuan, bana bertze etxeen % 30 hutsik daude edo bigarren mailako erabilera dute, asteburukoa edo oporretakoa. Kopururik altuenak Aranon (% 68), Areson (% 58), Iturenen (% 58), Sunbillan ( % 43) eta Arantzan (% 41) ageri dira. Kontrara, bizitegi huts gutien dituztenen artean daude Elgorriaga (% 10), Leitza, (% 16), Zugarramurdi (% 16), Oiz (% 18) eta Beintza-Labaien (% 19). Saran eta Senperen ere etxebizitzen gaia aspalditik da kezka eta protesta iturri; herritarrek maiz salatu dute espekulazioa. Prezioen igoera hori, ordea, ez da Lapurdiko arazoa bakarrik. Nafarroa aldean ere ia eskuraezina bihurtzen ari da etxebizitza.