Unai MIRANDA

«Goizuetak badu bizitzeko erakargarri izateko potentzialtasuna»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 27a, 10:00

Unai MIRANDA BERROETA, Goizuetako alkatea

Biztanleriaren beherakadaren aurrean, «kezka» izan da Unai Miranda Berroeta Goizuetako alkateak aipatu duen aurreneko kontua. Datuak ere eman ditu: «Azken 20 urteotan, 900 biztanle genituenetik, hazkunde naturala [heriotzak eta jaiotzak] positiboa izan da, baina hazkunde erreala 200 biztanle galdu ditugula izan da».

Horren atzean «hainbat arrazoi» ikusten ditu: «Badira denetariko kasuak, egoera pertsonalarengatik, bikotekideengatik edo familiarengatik herria utzi dutenak, baina batik bat etxebizitza, lana, garraioa eta errepideen egoera dira arrazoiak».

Hori irauli nahian ari dira eta «biztanleria ez jaisteko eta ahal den neurrian handitzeko neurriak hartzea dugu agintaldi honetako erronketako bat». Horri lotuta, lanari dagokionez, «eskualde mailako proiektu sozioekonomikoarekin» ari direla kontatu du. Baina etxebizitzarekin ari dira: «Bideragarriena eta gainera, populazioa finkatzeko balio duena etxebizitza eskaintza handitzea da». Eta horretan ari dira, «bai alokairurako, bai saltzeko helburuarekin: Eskola zaharretako etxebizitzak birgaituz, medikuaren etxea saltzen saiatuz, ospitaleko proiektuarekin... Horiek denak gauzatuko balira, zortzi-hamar etxebizitza gehiago izanen genituzke eskaintzeko».

Politikak hirietan eta herri handietan egiten dituztela ere kritikatu du Mirandak eta herri ttikiak «zalantzarik gabe, bizkar emanda» daudela iruditzen zaio: «Despopulazioaren arazoa ez da kasualitatea, kausala da, arrazoiak garbi daude. Urteetan hiri handietan egin dira politikak, eta Nafarroako kasuan, Iruñearen eta Iruñerriaren hazkunde hori ez da kasualitatea izan, erabaki politikoak biztanleria hor pilatzera bideratu dituztelako izan da. Askoz erakargarriago egin dute Iruñerria, zerbitzu guztiak dituzte, horren ondorioz, herri ttikiek biztanleria galdu dute. Han inbertitzen den momentuan, bertze herri ttikietan inbertitzeko ez dago». Beraz, «desoreka bada, argi eta garbi». 

Hori alde batera utzita, baikor hitz egin du Mirandak herri gisa duten «potentzialtasuna» nabarmenduz: «Goizuetan isolatuta gaude, eta horrek alde txarrak eta onak ditu. Oinarrizko zerbitzuak ere baditugu: eskola, medikua, botika, dendak... Etxebizitzak eskuragarri jarriz eta garraio zerbitzu publikoa bermatuz, populazioa egonkortu edo handitu daitekeela uste dugu. Herri bat bizitzeko erakargarri izateko behar dituen oinarrizko zerbitzuak eta herri giroa baditu Goizuetak». Eta hala izaten segitzea «herritar guztion erronka» dela gaineratu du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun