Fernando ANBUSTEGI

«Jaiotzak beheititu diren arren migrazioari esker populazioa mantendu da Baztanen»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 27a, 11:00

Fernando ANBUSTEGI GOÑI, Baztango alkatea

Baztanen azken 20 urteotan populazioa «mantendu» dela dio Fernando Anbustegi Goñi Baztango alkateak. «Jaiotza tasa aunitz beheititu da. Gaur egun bana bertze 60 bat haur jaiotzen dira, baina duela 40-50 urte bikoitza zen». Hala ere, «migrazioari esker bilakaera iruditsua» dela gaineratu du: «Atzerritik jende dezente etorri da eta hurbilagoko herrietatik ere jendea heldu da».

Herriz herri, Baztanen Elizondora joateko joera «aspaldixkokoa» dela aipatu du eta etxebizitza da bere irudiko arrazoi nagusietako bat: «Azken bi hamarkadatan ez da hainbertze eraiki, baina duela 20-30 urte etxebizitza aunitz egin zituzten Elizondon, pisuak gehienbat, eta horrek herri ttikietatik Elizondora mugitzea ekarri zuen. Gaur egun, mugimendu ttiki batzuk izanen dira, baina ez nuke erranen herri ttikiak masiboki husten ari direnik. Batzuk pixkaka-pixkaka husten ari dira eta bertze batzuk handitzen, baina orokorrean, egoera nahiko egonkortua da».

Etxebizitza «arazoa eta gabezia» dela jakitun, lanean ari dira Baztanen, «etxebizitzak zaharberritzeko ahalegina saritu nahian. Baztan Hobetzen plana ere hortik bideratua da». Alkatearen hitzetan, «herri ttikietan ez dago etxebizitza eskaintza handirik, eta Elizondon ere ez. Gizarte zerbitzuen bidez ikusten dugu zenbatekoa den beharra, eta gehienbat migratzaileen kasuan. Familia aunitz daude etxebizitza bat errentan hartu ezinik, eta zer erranik ez erosteko. Hemen errentak astakeria bat igan dira, eta edozeinek ezin du etxebizitza eskuratu».

«Etxebizitzak zaharberritzeko ahalegina saritu nahian ari gara»

Etxebizitza hutsen kopurua ere handia da: «4.500 etxebizitza daude eta mila edo gehixeago hutsik. Aunitz bigarren etxebizitzak edo turismorako baliatuak dira. Etxebizitza zahar handi aunitz daude eta erdian lagun bat edo bi bizi dira. Duela ehun urte, etxebizitza horietako batean 20 lagun bizi ziren, baina oraingo errealitatea bertzelakoa da, eta familiak ere aldatu dira. Lehenago sei, zortzi edo hamar haurride ziren familia bakoitzean, eta orain bat, bi edo hiru. Jendartea aldatu da eta etxebizitzak ere aldatu behar dira, garaira egokitu». Gaineratu duenez, «ez dut uste etxebizitza gehiago eraiki behar direnik. Orokorrean dauden etxebizitzak konpontzeak izan behar du erronka».  Eta hala, «horretarako erraztasunak eman nahi ditugu».

Herri ttikiek duten «berezko erakargarritasunaz» ere aritu da Anbustegi. «Mugikortasuna, eskola eta zerbitzu minimo batzuk izateak lagunduko luke, baina herri ttikiek badute beraien erakargarritasuna eta xarma, lasaitasunerako plusa, eta hori aunitz baloratzen da. Beharbada kanpotik barnetik baino gehiago; galtzen dugunean konturatzen gara zer galtzen dugun». Hortaz, bere ustez, «herri ttikiak balioetsi eta beraien balioak kontuan izan behar ditugu, eta hala dela sinetsi».

Despopulazioaren harira «neurri gehiago» ere eskatu ditu Baztango alkateak. «Nafarroako Gobernuak despopulazioaren kontrako jarduerak egiten ditu, baina nik uste gehiago egiten ahal dela». Honela esplikatu du: «Teorian gobernuak hori bulkatzen du, baina aldi berean, herri ttiki batzuk turismora bideratzen ditu hiriko jendearendako aisialdirako eta atseden hartzeko. Pirinioetan hori gertatu da».

Gaur-gaurkoz, Baztanen ez du hori gertatzeko arriskurik ikusten, nahiz eta «turismora bideratu nahi izan duten». Bertzelako apustuak ere egin behar direla nabarmendu du: «Nafarroako Gobernuarekin izandako bileretan bertzelako jarduerak eta apustuak egiteko eskatu izan diogu. Adibidez, industrian; Baztanen industria kasik ez da existitzen». Alkateak dio «zer dugun eta zer nahi dugun konturatu eta lanean ari garelako» ez dagoela «toki idiliko» bihurtzeko arriskurik. Eta turismoaren harira, «turismoa ordenatzeko bide horretan pauso gehiago emanen» dituztela ere iragarri du. Garbi du zein den bidea: «Beti hobetzeko helburua izan behar dugu, baina nondik heldu garen eta nora joan nahi dugun argi izanda. Eskualdeko udalerri guzien arteko elkarlana ere ona izanen da, denak bide beretik joateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun