Natalia Rekarte

«Ez dakit zer egin dugun gaizki baina konpromiso falta handia dago denean»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 28a, 10:00

Natalia REKARTE OTEIZA, Donamariako alkatea

Azken urteotan biztanleria aunitz goratu da Donamarian. 2000. urtetik % 17,57 hazi da eta goratze hori, neurri handi batean, «gazteak gelditu eta familia osatu dutelako» izan da Natalia Rekarte Oteiza Donamariako alkatearen arabera: «Haur pila dago, eta bertan bizi dena gustura bizi da. Gainera, familiako etxeetan gelditu dira bizitzen, eraikin berririk egin gabe bizitza batetik bi ateraz». Hori poztekoa iruditzen zaio, eta etorkizun hurbileko egoera «ongi» ikusten du. Arazoa gerora ikusten du, «lana eta etxebizitza» kontuetan.

Alde batetik, lanaren harira, «gero eta izorratuagoak gaudela» dio, «baina argi dago bertan lana behar dela». Eta bertzetik, etxebizitzaren gaia paratu du mahai gainean: «Hutsik dauden etxebizitza gutti dago Donamarian eta daudenak hagitz handiak dira. Hori da hemengo herrietan dugun arazoa, etxeak ikaragarriak direla eta mantentzea ekonomikoki sakrifizio handia dela. Gure aitzinekoak xirri-xarra aritzen ziren etxean, etxea zuten lehenbiziko gauza, baina orain bizitza aunitz aldatu da eta bertzelako lehentasunak ditugu». Horregatik uste du «gaur egun arazo handia dela, eta etorkizunean oraindik handiagoa izanen da».

«Eraikuntza berriak egiteko zailtasunak» ere aipatu ditu: «Lur sailak izanagatik ezin dira eraiki. Etorkizunean, batzuk familiako etxea hor izanen dute bizitzak egiteko, baina denek ez. Horren ondorioa dagoeneko nabaritzen hasia da, Donamarian non bizi ez zuten gazte batzuk kanpora atera dira». Egoera ikusita, udalak «herritarrek eta batez ere gazteek dituzten beharrak aztertzeko parte hartze prozesua» abiatu nahi du: «Egoera zein den eta zer nahi dugun jakin behar dugu, batez ere gazteengan eta etorkizunean pentsatuz».

Bada kezka sortzen dion bertze kontu bat ere: «Ez dakit zer egin dugun gaizki, baina konpromiso falta handia dago denean. Kanpotik etorri diren aunitz lasai bizitzera heldu dira, ez dira herrigintzan nahikoa inplikatzen eta horrek herriaren funtzionamendua hautsi egiten du. Ez dute ikusten herria herritarrek egiten dutela, herria herritarrek mantentzen dutela horrela. Gazteria ere ez da berdin inplikatzen».

Bide beretik, «herri ttikiak garela eta teknikoki babesik ez dugula» ohartarazi nahi izan du eta Nafarroako Gobernuak «bereziki gure eskualdea baztertua» duela salatu du. «Politikak herri koskorrenetara eta Iruñerrira bideratzen dituztela» ere leporatu dio gobernuari: «Herri handi eta hiri horietan alkatea % 100 lanean, teknikariak… dituzte. Eta gure herrietan zer baliabide ditugu? Nahikoa egiten dugu herria mantentzen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun