Argitxu AGERRE

«Jendeak Zugarramurdira bizitzera etorri nahi du baina hemen ez dago etxebizitzarik»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 27a, 09:00

Argitxu AGERRE OLAIZOLA, Zugarramurdiko alkatea

«Herriak bizirik nahi ditugu eta jendeak Zugarramurdira bizitzera etorri nahi du, baina herri guzietan bezala, etxebizitzaren arazoa dugu». Hala kontatu du Argitxu Agerre Olaizola Zugarramurdiko alkateak: «Badira hutsik dauden etxe handiak, baina jabeek ez dituzte saldu nahi edo ez dituzte konponduta etxebizitzak egin nahi. Bertze batzuk salgai daude, baina dirutza eskatzen dutenez, ez dira saltzen. Badira pisu batzuk ere, baina turistendako dira, eta urte osorako aukera guti dago Zugarramurdin».

Egoera ikusita «pena» sentitzen du Agerrek, etxebizitzaren arazoa «gabezia garrantzitsua» iruditzen baitzaio: «Bada Zugarramurditik ondoko herrietara bizitzera joan den jendea, hemen ez zuelako fitsik atzematen. Lana bada, jendea Dantxarinera eta Iparraldera mugitzen da, baina Zugarramurdin bizitzeko ez dago tokirik».

Egoera horri buelta ematea dute erronka, «egunerokoan jendeak bizia hemen egitea nahi dugu, etxe huts horiek betetzea, haurrak eskolan izatea...». Eta bide horretan, «etxe zaharrak dituztenak barnean etxebizitzak egitera animatu nahi ditugu, alokairurako edo saltzeko, herriko jendearendako edo honat bizitzera etorri nahi dutenendako, kanpotik datozenak ere ongietorriak baitira». Honela gaineratu du: «Zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta animazio gehiago izanen dugu herrian. Turismoarekin badugu jendea, baina egunerokoan ere herrian jendea izatea nahi genuke».  

Asmo horrekin erosi dute apezaren etxea, eta hor lantzeko «bizpahiru proposamen» dituztela esplikatu du: «etxebizitzak egitea, helduendako zerbait egitea...». Erabilera hori, ordea, «herritarrei galdetuta erabaki nahi dugu, zehazki zer den interesgarriagoa ikusi eta ondotik, horretarako finantziazioa eta dirulaguntzak bilatu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun