Populazioa mantentzeko edo igotzeko «etxebizitzak egitea eta gazteei irtenbidea ematea» da bere ustez gakoa. Baina «ez da erraza»: «Batetik, araudia aldatu zutenetik ia-ia ezinezkoa da etxeak egitea eta egoera ekonomikoa izugarri igo da, eta bertzetik, saltzeko dauden etxebizitzak ikaragarrizko prezioan daude, eta gainera horiek moldatzeko ere gastatu behar duzu». Alde horretatik, administrazioak eskua sartzea «nahitaezkoa» dela uste du: «Edozein prezio eskatzea libre baldin bada, hor trabatuak geldituko gara».
Garai bateko bakailao fabrikaren lurretan bizitzak egiteko proiektua du esku artean udalak: «Aspaldixko ari gara horrekin, lurra erosia eta gure eskuetan dagoena egina dugu, baina epailearen sinaduraren esperoan gaude eta luzatzen ari da». Lur eremu horretan pisuak eginez «gazteei herrian euren proiektuak hasteko aukera» ematea dute helburu eta hala, «bertze pauso bat» emanen dutela dio.
Hala ere, biztanleriaren gorabeherak baino gehiago kezkatzen du «gizarteak hartu duen bideak. Eta hori ez da Igantziko arazoa bakarrik, inguruko herri guztietan ikusten ari gara». Honela segitu du: «Ongi da udaletxean norbait izatea, baina ez da nahikoa, elkarlana, jendearen inplikazioa eta ekarpenak beharrezkoak dira edozein gauzatarako. Eta herrian gaudenok zein puntutaraino inplikatu nahi dugu?». Gisa berean, «herri ttikietan ditugun zailtasun izugarriez» ere mintzatu da, baina garbi du «zailtasunak beti izanen ditugula, eta soluzioak denon artean bilatu behar ditugula. Etorkizuna denon esku dago».