1960. urtetik % 64,45 jaitsi da populazioa eta 2000. urtetik % 13,89. Bere hitzetan, hori da biztanleriaren beherakadaren arrazoia: «Adineko jendeak uzten gaitu, gazteak kanpora joaten dira eta kanpotik ez dira etortzen». Herri ttiki eta handien arteko «desorekaz» ere mintzatu da: «Zerbitzu eta mugikortasun falta dira desorekarik handienak. Herria gero eta ttikiago gelditu denez, bertan zeuden zerbitzuak ere galdu dira». Honela azaldu du: «Ez eskola, ez ostatu, ez denda... Edozein ekintza edo jarduera, lagunak... Dena herritik kanpo dugu. Mugikortasuna falta dugu». Gehiago ere bai: «Herriaren kokapenak ez du asko laguntzen lana aurkitzeko orduan».
Bide beretik, kritiko mintzatu da politikak hirietan eta herri handietan egiten direla iruditzen zaiolako: «Zoritxarrez, oraindik horrela da eta lan handia dugu egiteko». Hala ere, hutsune horiek alde batera utzita, herri ttikien alde on asko nabarmendu nahi izan ditu: «herritarren arteko harremanak, ingurua, mendiak...». Eta bere irudiko, bada herri batzuetan arazo eta Eratsunen hala ez den beste kontu bat: «Bertan gelditu ahal izateko aukeretako bat etxebizitza lortzeko erraztasuna da».