Abenduaren 16an osatuko dituzte udalbatzak

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 3a, 08:00

Joan den igandeko hauteskundeetan Arantzan, Eratsunen eta Zubietan aukeratu zituzten ordezkariak, eta ordezkaritza lortu duten hautagaiek abenduaren 16an hartuko dute kargua. Zehazki, Arantzan, Eratsunen eta Zubietan eginen dituzte karguak hartzeko ekitaldiak.

Areson eta Urrozen ere hauteskunde eguna izan zuten, baina ez zen inor hurbildu botoa ematera. Aulki Zuriak taldeak bakarrik aurkeztu zuen ordezkaritza baina ez zuen botorik hartu. Bi herrietan hurrengo pausoa kudeaketa batzordea osatzea izanen da.

Arantzan zazpi zinegotziak EH Bilduk eskuratu zituen eta Xatur Larralde Ibarrola izanen da alkate. Eratsunen, berriz, Pausoz Pauso taldeko ordezkariak izan ziren boto gehien lortu zituztenak, eta Nagore Eskudero Baleztena izanen da alkate. Zubietan, azkenik, 2015etik Zubietako alkatea den Ernesto Dominguez Oleak segituko du alkatetzan, baina ordezkari bat guttiagorekin, seirekin, Aulki Zuriak taldeak ordezkari bat lortzeko adina boto eskuratu baitzituen. Hala ere, talde horrek kargurik ez duela hartuko errana du.

Emakumezko guttiago

Maiatzeko udal hauteskundeen ondotik, ekainean 150 lagunek hartu zuten alkate edo zinegotzi kargua, eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea nabarmena izan zen: % 36 emakumezkoak (54) izan ziren eta % 64 gizonezkoak (96). Bigarren deialdi honetan ere aldea agerikoa da. Zortzi emakume gehiagok eta hamaika gizonezkok lortu dute ordezkaritza. Hala, abenduaren 16aren ondotik, udal ordezkarien % 36,7 (62) emakumezkoak izanen dira eta % 63,3 gizonezkoak (107).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun