Ez dute lanik izan gaur hauteskunde mahaian egotea egokitu zaien Adur Etxezarretak, Mirari Marzolek eta Mila Caballerok: «eguna hemen pasa beharra baino ez». Ehuneko ehunekoa izan da abstentzioa. Mahaiko kideek uste dute herritarrek jakin dutela Aulki Zuriak alderdiari botoa emateak herriari ez ziola mesederik egiten: «kargua hartzeko asmorik ez zutela esana zuten eta horrekin kudeaketa batzorde bat martxan jartzeko prozedura luzatu baino ez zen egiten».Herritar batzuk hurbiletik jarraitu dute hauteskundeen martxa «bat baino gehiago etorri dira inork botoa eman ote duen ikustera» eta aitortu dute «udaletxeko atea irekitzen zen bakoitzean barruak buelta ematen zigun guri».
Aulki Zuriak alderdiak ez du lortu beharrezkoa zuen babesa eta herritarren esku geldituko da udalaren osaketa. Beraiek eskuetan dute giltza. Taldea osatzeko puntuan egon izan dira hauteskunde hauetan behin baino gehiagotan baina alkate izateko ardura inork ez zuela hartu nahi izan da arazoa. Azaroaren 28an 19:00etan deitu dute herritarrekin hurrengo bilera.