Urrozen ere ez da inor agertu botoa ematera

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 26a, 20:09

Argazkia: Irantzu Pastor.

145 lagunek zuten botoa emateko eskubidea gaur Urrozen egin diren udal hauteskundeetan, baina ez da bakar bat bera ere agertu botoa ematera. Aulki Zuriak taldea baino ez zen aurkeztu, eta herritarrek botoa ez ematea erabaki dute.

2019ko udal hauteskundeen lehenbiziko deialdian ez zen zerrendarik aurkeztu Urrozen, eta bigarren deialdian herritarrek adierazi zutenez, «azken momentuan» egin zuten. Bortz laguneko taldea bildu ziren: Josu Zozaia Ubiria (alkatea), Imanol Juanena Aleman, Unai Madariaga Iribarren, Patxi Urroz Telletxea eta Mikel Zozaia Urtsuegi. Beraiek izan dira azken lau urteotan Urrozko Udala osatu dutenak.

Aurten ere, maiatzeko deialdian ez zen zerrendarik aurkeztu, eta bigarren deialdian Aulki Zuriak izeneko estatu mailako mugimenduak baino ez zuen bere hautagaitza aurkeztu. Baina honek ez du botorik lortu. Hala, hurrengo pausoa kudeaketa batzordea osatzea izanen da eta hori izendatzeko prozedura martxan paratzea Nafarroako Gobernuari dagokio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun