Malerreka-Bertizaranan Lapaitza zabaldu nahian

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 6a, 08:00
Lapaitza Gazte Asanblada sortu duten gazteetako batzuk lapaitzaz inguratuta.

Malerrekako eta Bertizaranako bederatzi gaztek Lapaitza Gazte Asanblada sortu dute. «Sobera mugitua ez dagoen gazteria mugiarazi» eta «hainbat gabeziaren inguruan eztabaidak eta dinamikak landu nahi dituzte.

Erraz zabaltzen da lapaitza. Soro, larre eta belaietan nahi baino gehiago zabaltzen den eta aisa galtzen ez den belar txartzat hartua da. Malerrekan eta Bertizaranan, ordea, nahita erein dute, nahita zabaldu nahi dute. Lapaitza izena paratu diote Malerrekako eta Bertizaranako gazte asanbladari eta «gure modura lehenagotik sortua zen asanbladari segida emanez», «gazteria mugiaraziz» eta «hainbat gabeziaren inguruan eztabaidak edota dinamikak landuz» Malerrekan eta Bertizaranan zabaldu nahi dute.

Ez dute alferrik aukeratu izena, «landarea bezala, espero dugulako gu ere erraz zabaltzea eta nekez galtzea. Eta bidean norbait molestatzen badugu, bide onetik goazen seinale izanen da». Halaxe adierazi dute.

«Malerrekako eta Bertizaranako egoerarekin kezkatuta dagoen eta gazteria mugiarazi nahi duen lagun kuadrilla» bildu da Lapaitza Gazte Asanbladan. Orain dela hilabete bat hasi ziren elkartzen eta geroztik «asanbladaren izaeraren eta eskualdeko gabezien inguruan eta sendotzeko lanean» aritu dira. Baztango Gazte Asanbladaren atea ere jo dute, «ideia batzuk ateratzeko» eta hainbat mobilizaziotan parte hartu dute: «harrotasunaren egunean, Ez dira heriotzak erailketak dira, Beltzen bizitzek axola dute...».

Hemendik aitzinera, berriz, epe laburrean «asanblada sendotu eta indarra hartu» nahi dute, «komunitate bat lortuz». Eta epe luzera begira, «gaztetxe bat izatea gustatuko litzaiguke, horrelako espazio bat izatea hagitz beharrezkoa ikusten baitugu, baita bertan maiztasunez jarduerak egitea ere».

Gazteria geldirik

Inguruan ikusten dituzten «hainbat gabezia» hizpide izan dituzte, tartean, «euskara, indibidualismoa, LGTBIQ+ komunitatea, gazteen prekarietatea, ekologismoa, digitalizazioa, anti-arrazakeria, feminismoa, aisialdia, osasun-mentala, apustuak, etxebizitza, garraioa...» aipatu dituzte. «Gai horiek ez dira sobera lantzen, are guttiago gazteen artean». Baina bada gehiago kezkatzen dituen zerbait: «Malerrekako gazteria ez dago sobera mugitua eta nahiko hila somatzen dugu, gu barne noski». «Politizatu gabeko gazteria» sumatzen dute, «bizitza heldu den modu berean hartzen duena. Bizimodu erosoa izan daiteke, baina ignorantzia du oinarri. Joerari segitzen dion gazteria da, aisialdiko denbora gehiena alkoholean eta bestan oinarritzen duena». Lapaitzakoen ustez, «ez dago interesik egunerokoan ditugun biolentziez hausnartzeko eta salatzeko, seguruenik interes hori ez izatea pribilegio batetik datorrelako, eta jendea ez dago prest konpromisoa hartzeko».

Gabezia horietako bakoitzari erantzun nahi diote, «pixkanaka sortuko ditugun ekintzen bidez». Hasteko, «astean behin edo bitan hainbat adin eta herritako jendearekin elkartzeko aukera izatea guretzat alternativa hagitz garrantzitsua da». Ez hori bakarrik. Asanblada «arnasgunea» dela diote, «talde segurua eta indibidualismoak dakarren problematikari irtenbidea ematen diona». Izan ere, «eskualdean kuadrillismo aunitz» ikusten dute; «batzuetan badirudi gure adinekoekin ateratzera kondenatuak gaudela. Asanbladak horri erantzuten dio, hein haundi batean kuadrillismo hori alde batera utziz».

Ez da hutsetik hasitako proiektua, diotenez, «Malerrekako Gazte Asanbladak ereindakoa ere bada». Lotura badute hortaz, baina ez erabatekoa, «Lapaitza asanbladak zerbait berria izan nahi duelako, aitzineko asanbladatik desberdina». Horregatik aldatu dute izena: «Ez dugu MGA 5.0 izan nahi, hil-berpiztu dinamikan ibiliko dena, eskualdean jende berria bildu eta sendo mantenduko den indar berria izan nahi dugu». Badu bertze berritasun bat: «asanblada zaharrak ez bezala, Bertizaranako gazteendako ere helduleku izan nahi dugu».

Doneztebe, Zubieta, Sunbilla, Narbarte eta Donamariako bederatzi gaztek hasi dute bidea, baina «ateak irekiak» dituzte: «Gazteria ernatu beharra dago eta asanbladara etortzea alternatiba ona izaten ahal da. Ez dugu talde itxia izan nahi, jende berria nahi dugu, seguru gaudelako denek izanen dutela zer erran. Edozein ongietorria izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun