Beretako «arnasgunea» da, «hausnartu eta iritziak plazaratuz, gazte kontzientzia indartzeko tresna» eta «hagitz aberasgarria» iruditzen zaio «ezinegoa sortzen diguten gaien inguruan bertze gazteekin mintzatu ahal izatea», eskualdean «ez dagoelako inolako espaziorik ez talde zabalik egungo problematikez lasai mintzatzeko». Bereziki «egungo gazteriaren politizatzeko beldurrak» kezkatzen du, «desmobilizazioa eta ikuspegi indibidualistak. Kexa destruktiboak egiteko joera zabaldua da, ez dut jarrera eraikitzailerik edo antolatzeko hauturik ikusten». Ez hori bakarrik. «Eskualdean urgentziaz lantzeko gaiak» zein diren ere argitu du: «feminismoa, apustu makinak, drogen kontsumoa...». Horiei buruz «diskurtso okerrak hedatu» direnez, «hausnartzea eta erdigunean jartzea beharrezkoa da. Denok badugu zer ikasi eta zer desikasi». Hala, «asanblada gazte aktibaziorako motore eta gabeziei aurre egiteko tresnatzat» ikusten du: «Gazte asanblada sendo eta indartsuak eskualdeari ekarpen positiboa eginen dio, balio hegemonikoak zalantzan paratuko dituelako». Gazteei «animatzeko eta parte hartzeko» deia egin die: «Denon artean espazio erosoa, alternatiboa eta eraikitzailea sor dezagun».